
Urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, Udalak omenaldi berezia egin nahi izan die 1927 eta 1928 urteen artean jaiotako herritarrei.
Gaur eguerdian, Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoa omenaldi hunkigarri baten eszenatoki izan da. Hauek izan dira Amasa-Villabonan aztarna baliotsua utzi duten hamar omenduak: Mª Sagrario Vega Santos, Mª Dolores Iñurrita Odriozola, Juliana Aldaz Sancho, Luisa Rico Alvarez, Paula Iturralde Orbegozo, Francisca Lasa Irastorza, Romana Garmendia Garmendia, Mª Juana Ugalde Usabiaga, Miguel Mugica Salaverria eta Jose Ignacio Ibarbia Mugica. Omenduak senide eta lagunez inguratuta egon dira, eta esker oneko hitzak baino ez dira entzun ekitaldian.
Hamar herritar hauek gure herriaren eraldaketaren lekuko zuzenak izan dira. Amasa-Villabonako historiako une garrantzitsuak bizi izan dituzte. Gainera, gure komunitatearen eraikuntzan protagonista aktiboak izan dira, Amasa-Villabonako bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa aberastu duten ekimen askotan parte hartuz. Beatriz Unzue alkateak esan duen bezala “Zuen konpromisoak eta dedikazioak marka utzi dute herriko sare sozialean, eta gure nortasun kolektiboaren funtsezko zutabe zarete”.
Udalak azpimarratu du gure adinekoen ondarea gogoratu ez ezik, ospatu eta hurrengo belaunaldiei helarazi behar zaiela. Hamar pertsona horien ahalegina eta entrega funtsezkoak izan baitira Amasa-Villabona gaur egun ezagutzen dugun herria izan dadin.
Hori dela eta, Udalak, Amasa-Villabonako herritar guztien izenean, eskerrak eman dizkie gaurko ekitaldira bertaratu diren guztiei, bai eta, hainbat arrazoi tarteko, egun berezi honetan bertaratu ezin izan duten guztiei ere. “Ekitaldia hau zuen bizitzari, borrokari eta gure herriarekiko maitasunari egindako omenaldia da” esanez eman dio amaiera ekitaldiari Beatriz Unzue alkateak.