2017ko aurrekontuak ONARTUAK

avilla pleno2

Atzo, urtarrilak 30, 2017ko aurrekontuak onartu ziren EAJ-PNVren (6) eta EE-PSE (1) baiezko botoekin eta EH Bilduren 5 kontrakoekin.

Aurtengo aurrekontua 6.303.740,00 €koa da.

Inbertsioei dagokionez, udaleko eraikinen birgaikuntza eta instalazioen berrikuntzak lehenetsi dira. 2017ko aurrekontuak 100.000 €ko partida garrantzitsu bat bideratu du pilotalekuko hobekuntzetarako. Arroako eskolari dagokionez hainbat berriztapen eramango dira aurrera, 30.000 €ko inbertsioa eginez (fatxada eta estalki berria) eta Arratzaingo futbol zelaiko obrak ere bukatuko dira (15.000 €), Billabona K.E.rekin harturiko konpromisoa betez.

Kulturaren esparruan Gurea zineko butakak berrituko dira (54.000 €) eta baita liburutegiko zerbitzuak ere, orduz kanpoko liburu itzulketak egiteko sistema berri bat jarriz (2.000 €). Herriko talde kulturalekin hitzarmenak sinatzeko elkarlana ere bultzatuko da.

Euskararen kasuan, udala euskara ikastaroak bultzatzen jarraituko du kontzientziazio kanpainekin batera, Korrika bezalakoak. Aurreko urtekoarekin alderatuz %3 igoko da sail honi bideraturiko zenbatekoa. Gazteen lokalak “Gazteleku” hainbat hobekuntza ere edukiko ditu.

Kiroletara bideraturiko diru kantitateari dagokionez (klubekin eginiko hitzarmenak, inbertsioak, etab.) %17ko igoera edukiko du, 2016an hasitako bideari jarraituz. BTT zirkuitua martxan jartzeko 30.000 € inbertituko dira eta oztopo arkitektonikoak ekidin eta erabateko inklusioa bultzatzeko asmoz, Olaederra kiroldegiko aldagelek egokitzapenak edukiko dituzte.

Hezkuntzari dagokionez, Fleming Ikastetxean 14 geletan hobekuntzak egingo dira (14.500 €) eta Haur Eskolan aulkiak eta karrotxoak uzteko leku itxi bat egokituko da.

Beste inbertsioei dagokionez, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzeko partida ekonomiko bat bideratuko dela azpimarratu behar da, administrazioan egin beharreko izapideak eta gestioak errazago egitea ahalbidetuko duena, alegia. Horrez gain, Obretarako Brigadarentzat hibilgailu berri baten erosketa burutuko da eta Komizar Parkean hainbat hobekuntza egingo dira.

Maite Izagirre Alkate Andereak dioen bezala “2017ko aurrekontuak Amasa-Villabonak gizarte-ongizatean aurrera pausoak emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko egin dira”.

Atxikita dauden dokumentuetan aurrekontuko partiden, inbertsioen eta laguntzen informazio zehatza emten da: