
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek eta Tolosaldeko hainbat udal ordezkarik agerraldia eskaini zuten Amasa-Villabonako Gurea zineko erakusketa gelan. Agerraldi horren bidez gela horretan ireki den “Bidaia bat baino gehiago” Oporrak bakean programari (haur saharar errefuxiatuak udan Euskal Herrira ekartzeko elkartasun programa) buruzko erakusketa aurkeztu nahi izan zuten eta Tolosaldeko familiei, harrera-familia izateko gonbitea luzatu zitzaien.
Honakoa da komunikabideen aurrean irakurritako testua:
Gaurkoan Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideok hainbat gaien inguruan hitz egiteko tartea hartu nahi dugu.
Guztiok dakizuen moduan urtarrilean zehar, elkartasun bilketa antolatu dugu. Tolosaldeako ikastetxe, udaletxe eta zenbait dendetan egon dira bilketa guneak, eta guztion artean ia 4000 kilo jaso ditugu saharar errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzeko.
Behin baino gehiagotan esan bezala, bilketa hauek ez dute sahararren arazoa konpontzen, baino herria hau bizirik iraun dezan, ezin bestekoa da. Konponketa, herrialde honek bizi duen okupazio ilegalaren etenarekin etorriko da, eta horretara behartuta dago bai Maroko okupatzaile bezala eta baita komunitate internazionalak, txosten juridiko guztiak dioten bezala. Justizia eta legediak horrela diote.
Hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu, kilo bakoitza doan eman duten Tolosaldeako biztanleei.
Kilo horiek guztiak dagoeneko Donostian daude, eta otsailak 29an Zurriolatik aterako dira Bizkaia eta Gipuzkoan egin diren bilketetan jasotako guztiak.
Bilketarekin amaituta, egutegiak otsailean jarri gaitu.
Otsailak 11ean Oporrak Bakean programaren 2020ko kanpaña jarri zen martxan, aurtengo leloa: Oporrak bakean, bidaia bat baino gehiago.
Gogoratu gure artean pasatzen dituzten bi hilabete hauen garrantzia ume sahararren hazkundean. Jasaten duten anemia tasarekin, ezinbestekoa dute bi hilabete hauetan ondo elikatu eta jarraipen medikuak, urtea nola edo ahala pasatzeko. Hilabete honetan bertan, dei larri bat egin dute Nazio Batuen erakundeari, medikazio eta bakuna eskasiengatik.
Euskal erkidego mailan 100 harrera familia behar dituztela esan dute antolatzaileek eta helburu hori lortzeko apirilak 30 arteko epea dute. Tolosaldean ere hainbat familia behar ditugu iaz gurean izan ziren haur kopurua errepikatzeko helburuz. 7 harrera famili aberri behar ditugu hain zuzen ere.
Helburu hori lortu ahal izateko asteko eta behin programaren inguruko informazioa zabaldu nahi dugu, eta gaurtik asteazken bitartean hemen bertan, Amasa-Billabonako Gurea aretoan Oporrak bakean zer den eta zertarako den adierazten duen “Bidaia bat baino gehiago” erakusketa izango da. Goizez 11etatik 13.00etara eta arratsaldez 18.00etatik 20.00etara irekita izango delarik. Ordutegi horietan aurreko urteetan harrera familia izandakoak edota elkarteko kideak izango gara, hurbiltzen zaretenon kezkak argitzeko asmoz.
Apirileko azken aste bitartean hainbat topaketa egiteko asmoa dugu, eta aurrerago emango dugu beraien berri.
Jakin nahi arazi dizuegu ere, Maiatzak 20 eta Tolosaldea Sahararekin antolatzen duten aurtengo aterpetxea (ahal den ume gehiago gure artean udara pasa dezaten helburuarekin), Alkizan kokatuko dela, eta eskerrak eman nahi diegu Alkizako herritarrei eta bereziki Irazabalbeitia alkateari gai honetan jarri duen griña eta gogoengatik.
Otsailak 22 eta 23an Amasa-Billabonako futbol zelaian Diasporan bizi diren sahararren arteko futbol txapelketa bat izango da. Urtean zehar toki ezberdinetan bizi diren sahararren arteko futbol partidu eta txapelketak antolatzen dituzte, RASDeko Kopa deiturikoa prestatze aldera. Oraingo honetan Frantziatik eta Bizkaiatik etorriko diren taldeek osatuko dute Gipuzkoan bertan bizi diren sahararrekin bat, txapelketako hirukotea.
Nahiz eta inauteriak tarteko izan, txapelketa ikustera animatu nahi zaituztegu, eta Amasa-Billabonako udalari eta Hernialdeko apaiz etxea kudeatzen dutenei eskerrak eman nahi dizkiegu, txapelketa antolatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik.
Egutegiarekin jarraituz, 1976ko Otsailak 27an Saharar Errepublikar Arabiar Demokratikoa sortu zen. 44 urte beranduago sahararrak oraindik ezin izan dute askatasunez egun horren inguruko ospakizunak egin. Lurralde okupatuan dauden sahararrak guztiz debekatuak dituzte ospakizunak, errepresiopean, torturapean eta kartzela erraldoian bizi baitira 1975ean Marokok okupatu zituenetik. Saharar errefuxiatu kanpamentuetan edota diasporan bizi diren sahararrak aldiz, harrotasunez ospatzen dute, baina baita kezka handiekin: 44 urte luzez luzatu den egoera ezegonkor honek noiz bukatuko duen…, bi lurraldeak zatitzen dituen harresitik beste aldera dauden senideekin noiz elkartu ahalko duten…, eta betiko esperantza!, 45.urtemuga Mendebaldeko Saharan ospatzea herri libre batean…
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideok bat egin nahi dugu saharar herriak bizi duen ezjakintasun horrekin eta bultzada bat emanez, Euskadiko Fronte POLISARIOak eta Euskal Fondoak egindako mozioarekin bat eginez, Tolosaldeako udaletxe guztiei euren batzarretan mozioa landu eta babesteko eskaera egin diegu. Gainera saharar herriarekin duten konpromezua erakusteko asmoz otsailak 27an udaletxeko balkoietan saharar bandera jartzeko eskaera egin diegu.
Tolosaldeako biztanleei, egun horretan bertan arratsaldeko 19.00etan Tolosako udaletxe aurrean elkarretaratzeko deia egiten diegu.
Mendebaldeko Sahara Aske!, Sahara Hurra!
Tolosaldeko udalen izenean, Xabat Laborde Amasa-Villabonako alkateordeak hartu zuen hitza, eta aurtengoan ere Tolosaldeko udal ezberdinek Oporrak Bakean programari beren atxikimendua eta babesa adierazten dietela azaldu zuen. Era berean, Maiatzak 20 elkarteak azken urteetan martxan jarritako saharar haurren aterpetxean egindako lana goraipatu zuen eta herritarrei dei egin zien harrera-familia izateko informazioa jasotzera eta udan haur bat etxean izateko pausua ematera. Esperientzia “oso aberasgarria” izaten dela gaineratu zuen.