Gaur arratsaldean Santio Jai Batzordeko hainbat kidek agerraldia egin dute Villabonako Erreboteko plazan, aurtengo Santio jaien egitaraua publikoki aurkezteko. Beatriz Unzue alkatea eta Joxean Kubero kultur teknikaria izan dira uztailaren 24tik 31ra luzatzen den jai egitarauaren xehetasunak aurkeztu dituztenak, Jai Batzordea osatzen duten norbanako, elkarte eta taldeen izenean.
Honakoak izan dira Beatriz Unzueren hitzak:
Egun berezia da gaurkoa billabonatarrentzat, hain maiteak diren Santio jaien aurtengo egitaraua ezagutzera emateko eguna. Badakigu jendea jakin-minez dagoela eta heldu da unea Santio jai batzordeak prestatutako jai-ekintza guztiak lau haizetara zabaltzeko.
Aurten, beti bezala, jai-egitaraua mimo handiz prestatu da, publiko eta gustu guztietan pentsatuz. Eskerrak eman nahi dizkiegu, nola ez, jai hauek aurrera atera daitezen ekintzak antolatzen lan egiten duten herritar norbanako, elkarte, eragile, talde guzti guztiei. Ezagutzen ditugun Santio jai herrikoiak ez lirateke posible izango horien guztien ekarpenik gabe.
Santio jaiei hasiera emango dion txupinazoa aurten 50 urte betetzen dituzten Oinkari Dantza Taldeak eta Salbadora Jubilatuen Elkarteak botako dute elkarrekin. Bakoitzak bere alorrean urte guzti hauetan egindako lan bikainak herriaren aitortza merezi du, dudarik gabe.
Beste behin, mezu ozen eta argi bat zabaltzeko aprobetxatu nahi dut une hau: festak ez dira indarkeria matxistarako aitzakia. Villabonak berdintasunean sinesten du eta ez du inolako indarkeria matxistarik onartuko ez Santiotan eta ez inoiz!
Horrekin batera, jai hauetan herrian elkartzen garen pertsona guztion arteko errespetua, gizalegea eta elkarbizitza sanoa aldarrikatu nahi ditu Udalak. Alaitasuna eta enpatia nagusitu daitezela beti. Ondorioz, aipatutako indarkeria matxistak, jarrera eta jokabide homofobo, arrazista edota bortitzek, delinkuentziak eta intolerantziak ez dute tokirik hemen.
Jaiak bakean, askatasunean eta segurtasunez gozatu nahi ditugu eta horrela izatea espero dugu.
Villabona gozatzen eta dibertitzen dakien herria da, zaintzen dakiena, eta partekatzen dakiena. Eta herritarrak horixe egitera gonbidatzen ditu Udalak uztailaren 24tik 31ra.
Ondo pasa eta esperientzia alai eta ahaztezinak izan ditzazuela.
Gora Villabonako Santio jaiak!