Amasa-villabonatarrek sahararrei emateko jantziak, eskolako materiala, botikak edo gozokiak eraman ditzakete udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara, datorren ostirala, hilaren 23a, bitarte (ostirala barne)
Tolosaldeko hainbat herritako zinegotzik eta alkatek -Alegia, Ibarra, Orexa, Villabona eta Elduain- eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko bi kidek, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bisita egingo dute. Bidai honen helburuak dira, batetik, eskualdetik Saharako herriari babes politikoa ematea eta, bestetik, Tolosaldeko herriek bertan dituzten proiektu desberdinen nondik norakoak zuzenean ikuskatzea.
Azaroaren 27an abiatuko dira eta abenduaren 1ean itzuli. Bakoitzak 31 kilo eramateko aukera izango du.
Udal horietako ordezkariek herritarrei dei egiten diete eskolarako materiala, botikak, gozokiak eta jantziak arestian aipatutako udalerrietako Gizarte Zerbitzuetara eraman ditzaten.
Era berean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak eskualdeko Udalei Sahararekiko konpromisoekin jarrai dezaten eta bertako berriak har ditzaten eskatzen diete, bidaiaren ostean, Saharako egoera herritarrekin partekatzeko eskatuz.