Hilaren 9an, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan Martxelo Otamendik hitzaldia eskainiko du Villabonako Subijana Etxean. 11n ostiralean, Berriarentzat dirua biltzea helburu duen jaialdia ospatuko da Gurea antzokian. Jaialdirako sarrerak egunean bertan edota hilaren 12ra arte zabalik egongo den erakusketan -Egunkaria eta Berriaren historia argazkitan islatzen duena- eskuratu ahal izango dira, 5€ren truke.
Jakin badakigu krisiak kalte handia egin diela komunikabideei bereziki. Izan ere, azken bi urteotan asko eta asko izan dira murrizketen ondorioz, biziraun ezinik, hedabideen mapatik desagertu direnak. Medioak borrokan dihardute, krisi bortitz honi aurre egin eta gure gizarteak eskubidez merezi duen informazio eskaintzeko.
Eta zer esan euskarazko hedabideez? Euskal Herrian ez dago euskara hutsean informazioa helarazten duen komunikabide asko. Egiaz, BERRIA komunikazio taldea da bakarrenetakoa. Krisiak eta diru-laguntzen jaitsiera nabarmenak BERRIA komunitatea astindu dute baita.
Komunitate hark, ordea, indarrak batu eta behin betiko jipoia ekiditeko egitasmo bat martxan jarri zuen orain dela zenbait hilabete: ZURE ZIZTADA BEHAR DUGU ekimena, hain zuzen. “Hamar urte beteko ditu BERRIAk, eta beste hamaika egiteko asmoa dugu. Euskaraz bizitzeko euskarazko hedabideak ere behar ditugulako. Milaka ziztada jasotzen ari gara. Baina zure ziztada ere behar dugu. Erlauntzean bezala, komunitate osoaren ekarpenak egiten du sendo gure proiektua”, dio proiektuaren baitan argitaratutako manifestuak.
Ildo horretatik, eta euskarazko komunikabideen biziraupena bermatzeko xedez, Amasa-Villabonako herriak BERRIARi ziztada emango dio. Hala, Amasa Viillabonak Ziztada Berriari lemapean, hitzaldia eta jaialdia egingo dira datozen egunotan:
• Urtarrilaren 9an, asteazkenean, BERRIAko zuzendari den Martxelo Otamendik hitzaldia eskainiko du Villabonako Subijana Etxean (Mintzolan).
• Urtarrilaren 11n, ostiralean, BERRIArentzat dirua biltzea helburu duen jaialdia ospatuko da Gurea Antzokian. Bi saio egingo dira, bat 19:30ean eta bestea gaueko 22:30ean. Jaialdian honako kultur eragileek parte hartuko dute: Petti abeslaria, Oinkari dantza taldea, Loatzo musika eskola, Eresargi Abesbatza, Eresargi Gaztek, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkargunea edota Lain musika taldea. Jaialdi horretan jasotako dirua BERRIA komunikazio taldeari laguntzeko izango da.Sarrerak erakusketan eta egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 5€ren truke eta bertan bildutako dirua BERRIA komunikazio taldeari laguntzeko izango da.
Azkenik, bihartik hasi eta hilaren 12ra arte Egunkaria eta Berriaren historia argazkitan islatzen duen erakusketa egongo da zabalik
Gurean.
ZIZTADAren aurrekariak
Euskara Ados! lan-mahaiak Amasa Villabonak BERRIA komunikazio taldeari laguntzeko urtarrilean zehar zenbait ekintza burutzea proposatu zuen eta herriko kultur eragileekin hitz egin ostean, jaialdi bat antolatzeko denak prest agertu ziren. Bilera anitz egin ziren hori guztia lotzeko. Hona prozesuaren nondik-norakoak bilzen dituen
txostena. Era berean, deskarga itzazu Martxelo Otamendirenhitzaldiaren kartela,jaialdiarena eta baitaerakusketaren kartela ere.