Maila aurreratuko sukaldaritza ikastaroa antolatu du Villabonako Udaleko Kultura Sailak. Urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 4an bukatuko da, eta Irrintzi elkartean izango da. Ikastaroaren barnean, ardo eta gazta dastatzen ikasteko saioa izango da Aljibean.
Iazko azaroan eta abenduan Kultura Sailak antolatutako ikastaroaren beste edizio bat da honako hau. Izan ere, jende asko geratu zen lekurik gabe aurrekoan, eta ikastaroa errepikatzea erabaki dute; oraingoan, gainera, Zizurkilgo Udaleko Kultura Sailak ere parte hartuko du; beraz, Zizurkilgo biztanleek Villabonakoek adina ordainduko dute.
Ikastaroari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko, zerbait jakin behar da aurretik, maila aurreratuko baita ikastaroa. Hala ere, edozeinek har dezake parte.
Sukaldaritza tradizionalean oinarrituta dago programa, baina izango du berrikuntzetarako tarte bat ere, plateren aurkezpena eta formula tradizionaletan oinarritutako errezeta berritzaileagoak ere landuko baitira.
Programa eskuratu nahi duenak, Villabonako Kultura Sailean eska dezake (kultura@villabona.net – 942691655). Hemen ere eskuragarri dute.
Ikastaroa urtarrilaren 28an abiatuko da eta martxoaren 4an bukatu; astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara. Saio bakoitza bukatu ondoren, parte-hartzaileek prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute Irrintzi elkartean bertan. Ikastaroak 58 euro balio du Villabonan edo Zizurkilen erroldatuta daudenentzat, eta 75 euro herri horietan bizi ez direnentzat.
Prezio horren barruan sartzen da otsailaren 13ko saioa ere: txakolinak, Arabako Errioxako ardoa eta Idiazabalgo gazta dastatzen ikasteko saioa izango da Villabonako Aljibean, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik egingo dena. Azken saio hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Hazi Fundazioaren babesari esker egingo da. Ikastaroaren plazak mugatuak izango dira; izena eman nahi duenak urtarrilaren 24aren aurretik egin beharko du Villabonako Udaleko Kultura Sailean.