Hiru proiektu bideratzeko laguntza eman du Aldundiak

SANY0080Udal Gobernua buru-belarri dabil abiatu berri den urte honetan herria hobetzen lagunduko duten inbertsioak bideratu nahian. Egungo egoera ekonomiko estuan, ez da erraza proiektuak aurrera eramatea. Hori aurreikusita, Udal honek herritarrei zerbitzuak eskaintzea eta herritarren beharrak asetzea du lehentasun. Hargatik, partida bat herritarrek eskatutako konponketa eta berritze lanetara bideratu da; une honetan, eskaera horiek dagozkien sailetan lantzen ari dira, aurrera eramateko.
Bestetik, Udalak lanean dihardu inbertsioak egiteko, eta aurten hiru inbertsio betetzeko bidea egin du Aldundiak. Villabonako Udalak aurkeztutako hiru proiektu lagunduko ditu diruz Aldundiak. Herritarrek luzaro eskatu dituzten hiru lan egitea ahalbidetuko du horrek:
1- Bear Zana frontoiko argiteria egokitzea 28.257,82 €
2-Aran erreka bazterretan, 2011. urteko uholdeek eragindako kaltean konpontzea (harri-lubeten egoera orain arriskutsua baita) 42.993,65 €
3-Arroa eta Errota auzoen arteko pasealekua berritzea (ibaiaren ertzean doan bide-gorria) 19.253,20 €
Ondorioz, 90.504,76 €-ko inbertsioa egingo da hiru lan hauetan, Aldundiak kopuru horri 87.157 €-ko babesa emanik. Albiste ona, ezbairik gabe, bizi ditugun garaiotan.
Hiru proiektu hauen urtarrilaren erdialdean aztertuko dira Gobernu Batzordean, eta otsailerako bideratuta izatea espero da; honela, hirurak 2014an beteko dira.