Santiago Egoitza, duin eta aktibo

Santiago webGizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek eta Villabonako alkate Galder Azkuek Santiago egoitza bisitatu dute gaur bi erakundeen inbertsioari esker egindako lanen emaitzak erakusteko. Bertako egoiliarrekin ere izan dira, egoitzaren eguneroko funtzionamendua eta hauen bizipenak bertatik bertara ezagutzeko. Galder Azkuek egoitzaren nondik norakoak azaldu ditu, egungo egoerara iristean zera aldarrikatzeko: “produzitzen ez duena baztertzen duen gizarte honetan gure aiton-amonek gu behar gaituzten bezalaxe behar ditugu guk”. Arrazoi horrengatik berritu du egoitzan lanean aritzeko apustua, adinekoak ere herriko “parte aktibo” izan daitezkeela azpimarratuz. 2015. urtean Santiago egoitzaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du eta bertako ordezkari den Ander Rodriguezek bi konpromiso agertu ditu: “adinekoen zainketa mailari eta langileen baldintzei eustea”.  Egoiliarrek ere hartu dute hitza, egoitzan egindako lanen iritzia emateko; pozik agertu dira egoitzak eskaintzen duen zaintzarekin eta Galder Azkue alkatearen moduan langileen lana goraipatu nahi izan dute. Egun 32 egoiliar daude bertan eta beste zazpirentzat dago tokia gela berriei esker.
Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz Santiago Egoitzan egindako berritze lanek bertako zerbitzua hobetzea eta zabaltzea izan dute helburu. Lanak 2009 eta 2013 urteen artean egin dira, 3 fasetan. Guztira, 1.508.000 euro inbertitu da Santiago Egoitzan, kopuru horren %75 Foru Aldundiak ordaindu du eta %25 Villabonako Udalak.
Azken 14 hilabeteetan, obren azken fasea egin da, egoitza araudira egokitze aldera. Zehazki, atzealdeko fatxadan, logeletan eta bainugeletan egin dira lanak, irisgarritasuna bermatzeko. Honenbestez, 7 plaza gehitu dira; beraz, guztira 39 pertsonari emango zaie zerbitzua egoitza honetan. Gainera, lau plaza ere eskaintzen ditu egoitzak eguneko egonaldietarako.