Memoriaren astea aurkeztu du Villabonako Udalak Aritza Kultur elkartearekin, martxoaren 24an hasi eta 31ra bitarte hainbat gai landuko dituen egitarau oparoa. Esti Amenabarro Aritza Kultur elkarteko kideak azken urteetako lanaren errepasoa egin du, bere ondoan izan dituen kide guztien lana azpimarratuz eta Udalaren zein Aldundiaren babesa eskertuz. Gerra irabazi zutenek euren historia urte luzez idatzi eta irakatsi dutela aipatu zuen Amenabarrok, eta horregatik jarri dutela ikerketaren fokua gerra galdu zutenengan. Nora Urbizu Kultura zinegotzi eta alkateordeak oroimen historikoa lantzen jarraitzeko apustu irmoa agertu du, aurrerantzean ere. Garrantzi handikotzat jo du Aritza Kultur elkartearen lana eta egiaren bila jarraitzeko beharra azpimarratu du “hilobi itxiak zauri irekiak direlako”.
Memoriaren asteak azken lau urtetan oroimen historikoaren inguruan egindako ikerketaren emaitza herritarren eskura jartzea du helburu. Horretarako, 24an Aritza Kultur Elkartearen bigarren liburua aurkeztuko da 19:00etan Subijana etxean: Frankismoaren aztarnak arakatzen II, egiaren minak. Bestetik, landutako informazio guztiak, dokumentazio eta datuak guztion eskura jarriko dituen webgunea ere arukeztuko da, martxoaren 27an 11:00etan pleno aretoan. Testuingurua baliatuz hainbat gai monografiko landuko dira adituekin: erbestea, emakumeek gerran eta gerraostean jasotako zapalkuntza… eta ikastaro bat ere eskainiko da ‘Isiltasuna: traumaren sintoma’ izenpean. Azken hori Goyo Armañanzas adituak eskainiko du eta izena emateko webgunean edo fitxa beteta Udalera ekarriz egin daiteke doan.
Bereziki da aipagarria, martxoaren 27an Gurea zineman 19:00etan estreinatuko den ‘Negar franko egingo zuen aitak‘ dokumentala. Herriko testigantzak jasotzen ditu Bertha Gaztelumendik zuzendutako lanalk bi belaunaldiren arteko elkarrizketarekin.
Ikusi egitaraua