Villabonako Euskara Zerbitzuak Mintzalaguna egitasmoa jarriko du martxan beste behin ere

mintzalaguna kartela 2016

Badira zenbait urte Villabonako Euskara Zerbitzuak Mintzalaguna egitasmoa jarri zuela martxan. Egitasmo honen helburua, euskara ikasten ari direnei kalean hitz egiteko konfiantza hartzen laguntzea da. Horretarako, hiru laguneko taldeak osatzen dira (bi euskara ikasle eta laguntzaile euskaldun bat), eta talde hauetako kideek konpromisoa hartzen dute astean behin, ordubetez-edo gutxienez, euskaraz elkarrekin aritzeko, kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean.

Beren euskara maila hobetzeko izena ematen duten pertsonez gain, egitasmo honetan, lan boluntarioa egingo duten laguntzaile euskaldunak behar izaten dira. Haien eginkizuna astean behin euskara ikasten ari diren bi pertsonekin geratzea da, eta ordubete inguruz, euskaraz aritzea. Alegia, laguntzaileak ez dira irakasleak izango, euskara ikasleekin astean behin euskaraz hitz egingo duten pertsonak baizik. Lan boluntario honi esker, emaitza oso onak jaso izan ditugu azken urteetan eta horrela jarraitu nahiko genuke aurrerantzean ere. Lerro hauen bidez, gonbidapen berezia egiten zaio laguntzaile euskaldun izan nahi duen edonori egitasmoan parte hartzeko.

Egitasmoan izena eman nahi duenak, edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, urriaren 13tik aurrera, Euskara zerbitzura jo dezake, telefonoz deitu 943693501 zenbakira edo helbide elektronikoz bere mezua bidali euskara@villabona.eus helbidera.