Maiatzaren 30ean Amasa-Villabonako udaletxean aurkeztu zen Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak ekimenaren Gipuzkoa Berdintasuna Ehunduz egitasmoa. Amasa-Villabona egitasmo honetara batu da eta ekimenaren aurkezpena egin zuten Harituz elkarteko ordezkariekin batera.
Aurkezpen horretan, Maite Izagirre alkateak izan zuen lehen hitza eta ekimen honekin lan egitea ohore bat zela adierazi zuen: “Guretzat ohorea da sexu bortizkeriaren aurka eta parekidetasunaren alde lan eta lan ari den elkarte bati agurra ematea Udaletxe honetan”. Egitasmo honen harira, Amasa-Villabonan hainbat ekintza egingo dira azaroaren 25era begira eta Eneko Urdangarin zinegotziak dioenez, “Mataza horiek ehundu nahi ditugu herrian eta herriko eragileak gonbidatuko ditugu”. Horregatik azaroaren 17-25eko aste horretan, herriko ikastetxe, denda kiroldegi eta baita udaletxeari ere beraien balkoi eta eraikinak matazez apaintzeko gonbita luzatuko zaie.
Egitasmoa 2014an hasi zen, eta azken 4 urteotan sortutako begiztak hainbat autonomia-erkidegotan eta Lisboan zehar bidaiatu du. 40 herri eta herrialde baino gehiagotako hainbat emakumek, zatiz zati, Matazak ekimena ehundu dute, 4 kilometro begizta kolektiboa egin arte. Isabel Otero Harituz elkarteko lehendakariak dioenez, “Topaketa bakoitzean sendotu egin dira indarkeriaren aurkako borrokan”.