
Bart gaueko 4:10ak inguruan Larrea auzoko 15. zenbakiaren ondoan dagoen edukiontzien gunean sutea izan da. Suhiltzaileak berehala bertaratu dira eta sua gehiago zabaldu baino lehen itzaltzea lortu dute. Hala ere, suteak bertako edukiontzi guztiak kiskaltzeaz gain, kalteak eragin ditu ondoan aparkatuta zeuden gutxienez hiru autotan. Zorionez, suteak ez du inolako eraginik izan ondoan dagoen Santio egoitzan.
Ertzaintzak udalari jakinarazi dionez, zantzu guztien arabera sutea eragindakoa izan da, izan ere, beranduago Zizurkilen ere beste edukiontzi batzuk erre baitira. Hala ere, momentu honetan gertakaria ikertzen ari dira.
Amasa-Villabonako udalak gogor salatu nahi du gertakari hau eta elkartasuna adierazi nahi die beren autoa kaltetua suertatu zaien herritarrei. Era berean, sutearen berri eman duten bizilagunei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Amaitzeko, gure begirunea helarazi nahi diegu sute honek loa eta atsedena galarazi dien Larreako eta inguruko bizilagunei.
Amasa-Villabonan, 2020ko apirilaren 13an