
Honakoa beste aurrera urrats bat izan da, 2014an garatutako parte hartze prozesuaren ondoren, herritarren bozketa zuzenaren bidez hautatua izan zen proiektu hau behingoz errealitate bat izan dadin.
Esan bezala, Antonio Lopez Sanchez arkitektoak osatutako “Rayuela” izeneko proiektu honek, herritarren babesa jaso zuen 2014an eta azken udal hauteskundeetan udal gobernua eskuratu zuen EH Bildu taldeak behin baina gehiagotan adierazi du proiektu hau burutzeko asmoa. Aipatu behar da, hasiera batean “Rayuela” proiektuak jasota zuen ingurunearen ber-urbanizazioa ez dela gauzatuko, onartu den azken proiektuak haur parkearen estalpea eraikitzea jasotzen du, inguruneko urbanizazioa orohar bere horretan (gaur egun dagoen bezala) geratuko delarik
Udal gobernuak oso garrantzitsutzat du proiektu hau egikaritzea, Villabonako herrigunean betidanik egon den gune estali gehiago edukitzeko beharrari eta herritarren eskaerari erantzuten baitio. Oraingoan badirudi pausoz pauso, hilabete gutxiren buruan lanak hasteko moduan egongo dela udala, izan ere, Hirigintza eta Ingurumen Batzorde Informatzailearen astearte honetako (irailaren 22an) bilkuran, proiektua ontzat eman eta onartzea erabaki zen. Udal arkitektoak proiektua aztertu ondoren, “aldeko iritzia” jasotzen duen txostena egin zuen. Beraz, ondorengo urratsa, proiektu honetako lanak zein enpresak egingo dituen zehaztea izango da eta horretarako, esleipen prozesu publiko eta irekiari hasiera emango dio udaleko kontratazio mahaiak.
Proiektuaren datu nagusiak:
- Lekua: Larrea auzoko “Behe Nafarroa” izeneko parkea.
- Estaliko den azalera: 31,43 m x 7,70 m: 242,01 m2.
- Altuera: 5,19 m
- Estruktura: Habeak, pilareak eta uhal metalikoak. Alde motzetan hormigoizko hormak.
- Estalkia: Polikarbonatozko estalkia
- Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua guztira (BEZ barne): 174.176,61 €
- Finantziazioa: Udal gerakina (gaur egun 1.373.198,60 euroko funtsa)
Adostasun politikorik ez
Hirigintza Batzordean ez zen erabateko adostasunik izan. Proiektuaren onarpen proposamenak EH Bildu eta PSEren aldeko bozkak izan zituen eta EAJ-PNVren kontrakoa.
EAJ-PNVko ordezkariaren esanetan, proiektua ez dago behar bezain beste partekatua eta ez du adostasun nahikorik, gainera momentu hau horrelako gastu bat egiteko ez dela aproposa gaineratu zuen. Adostasuna bilatzeko eta gune estalien inguruan dauden aukeren artean hitz egin eta negoziaziorako prest agertu zen EAJ-PNVko ordezkaria, baina ez zuen egokia ikusten orain Larreako parkea estaletzeko proiektua egitea. Era berean, EH Bilduri “rodilloa” pasatzea leporatu zion, EAJ-PNVrekin akordioak egiteari atea itxiz.
EH Bilduko Xabat Laborde hirigintza zinegotziaren esanetan, bada garaia behingoz proiektu hau egiteko. 2014an egindako prozesu parte hartzailea zein herri galdeketa balorean jarri eta errespetatu beharrekoak direla gaineratu zuen. Proiektu honekin herriari emandako hitza betetzen dela azaldu zuen, proiektua EH Bilduk hauteskundeetara aurkeztu zuen udal-programan zegoen eta. Beraz, proiektu honek zilegitasun osoa eta herritarren babesa duela ondorioztatu zuen “orain arte herriari galdetu zaion proiektu bakarra” delako. Bestalde, Covid-ak udalaren jarduna ezin duela paralizatu eta honakoa herritarren eskaera historikoa dela defendatu zuen.
PSEko ordezkariak proiektua babestea eta aldeko bozka ematea erabaki zuen, bere ustez gune estali bat izatea oso garrantzitsua delako eta bere programan ere gune estali bat egitearena jasotzen zelako. EAJ-PNVri leporatu zion lau urtez zain egon izana eta zentzu horretan ezer ez egitea. Villabonan parke bat estaltzeko “edozein proiektu” babestuko zuela gaineratu zuen.