
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du, azaroaren 17an, 18:30etan, Subijana etxean.
“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, azaroak 15 baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
• Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
• Honako telefono zenbakira deitzea: 605 757 687
• Informazio osagarria: www.argitu.eus
Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2021 urtea amaitu aurretik, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerraz gain, Gipuzkoako udalerrietan beste hainbat tailer ere eskainiko dira, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:
• Etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu
• Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko
• Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
• Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak
Tailerrean beharrezkoa izango da ezarrita dauden osasun eta higiene baldintzak betetzea, beraz, une oro musukoa erabili beharko da.