Atzo arratsaldean izandako Amasa-Villabonako Udalbatzaren osoko bilkuran, herritar talde batek “Aiztondoko herri mugimendua”ren izenean udalari aurkeztutako testua onartu zen EH Bilduren aldeko 7 botorekin eta EAJ-PNV eta PSEren aurkako 5 botorekin. Ondorioz, Adierazpena gehiengoz onartu zen eta udalak bat egingo du datorren otsailaren 9an egingo den Aiztondo bailarako mobilizazioarekin.
Xabal Laborde alkateordeak azaldu zuenez, udal gobernuak bat egiten du adierazpenean egiten den irakurketarekin eta bertan jasotzen diren eskakizun eta aldarrikapen nagusiekin. Udal gobernuaren iritziz, osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria da eta funtsezkoa da Eusko jaurlaritzak eta Osasun Sailak jaramon egitea osasungintzako sindikatu guztiek babestutako mobilizazio jendetsuetan egindako aldarrikapenei. EH Bilduren udal taldeak, Osasun Sistema publikoan gehiago inbertitu beharra defendatu zuen eta mediku, erizain, rastreatzaile eta beharrezkoa den pertsonalaren kontratazio gehiago behar direla aldarrikatu zuen. Gainera, Eusko Jaurlaritzako agintariei osasungintzako langileen eta erabiltzaileen aldarrikapenei entzungor egitea leporatu zien Labordek, era berean azken hamarkadetan sektorean izan den inbertsio falta eta pribatizaziorako joera gogor salatuz.
EAJ-PNVren udal taldearen bozeramaileak ordea, adierzpenaren testua “demagogiaz eta datu faltsuz beteta” dagoela adierazi zuen, Eusko Jaurlaritza egiten ari den ahalegina goraipatu eta defendatzearekin batera. Horrelako adierazpenen bidez, pandemiak sortutako egoera etekin politikoa lortzeko erabili nahi izatea leporatu zien Adierzzpena aurkeztu dutenei. PSEko ordezkariak kontra bozkatuko zuela adierazi zuen beste azalpenik eman gabe.
Honakoa da Aiztondoko Herri Mugimenduaren izenean aurkeztu zen eta Udalbatzak onartu zuen Adierazpena:
OSASUN SISTEMA PUBLIKOA DEFENDATU
Azken hamarkadetako neoliberalismoak, gure osasungintza publikoan ondorio larriak eragin ditu. Osasungintzan inbertitzen ez denean eta osasun langileak hezi, formatu eta kontratatzen ez direnean, herritarron funtsezko eskubidea den zerbitzu publikoa suntsitzen hasten da.
Pandemiak are ageriago jarri du aurretik zetorren osasun krisia. Pandemiaren aurrean osasungintzaren eskudun diren agintariek harturiko lehen erabakia ardura gainetik kentzea eta bera indibidualizatzea izan da, osasun pubikoan egindako murrizketak, haien erabaki politikoa izango ez balira bezala jokatzea eta pandemiaren bilakaera txarra herritarren arduragabekeriari leporatuz. Eta bigarren erabakia, kudeaketa neurri murriztaileetara mugatzea izan da, osasungintzan inbertitu beharrean. Pandemiaren kudeaketan nabarmen gelditu da, gutxi batzuen etekin ekonomikoak bizitzak salbatzearen aurretik kokatu direla.
Beraz, osasun krisiaren aurrean zaintza kolektiboa eta bizitzak erdigunera. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu:
- Pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea eta etekin ekonomikoa edo kontrola helburu dutenak baztertzea. Pertsona indibidualon eskubideak murriztu behar badira izan dadila denon osasuna jokoan dagoelako, justifikatuak eta arrazoituak elkar zaintzari erantzunez eta ez zerbait egiten ari denaren plantak egiteko. Adibidez, zentzu horretan ulertzen dugu covid ziurtagiria neurri ez-eraginkor bat dela beste hainbat neurri bezala.
- Osasungintzaren pribatizazioarekin amaitu.
- Txertoen patentea publifikatzea, guztion osasuna gutxi batzuen negozioaren aurrean lehenetsiz.
- Aztarnariak kontratatu eta haien lana egiteko behar dituzten baliabideak bermatu.
- Sektore kaltetuenentzat baliabideak bermatu behar dira.
- Klase, genero eta arraza faktoreak determinanteak dira pandemiak persona bakoitzarengan dituen ondorioetan. Beraz, neurriek faktore horiek kontuan har ditzatela, kudeaketa sozialki justua egiten dela bermatuz.
- Osasunean inbertitu beharra dago: mediku eta erizanak kontratatu, covid egoerari aurre egiteko eta funtsezkoa den lehen arretako zerbitzu publikoak bermatzeko.
Horregatik guztiagatik, zerbitzu publikoen aldeko otsailak 9ko mobilzazioan parte hartzera deitzen ditugu herritar guztiak.
LEHEN ARRETA ETA OSASUN PUBLIKOA DEFENDATU DITZAGUN!
Aiztondoko herri mugimendua