Amasan hasiko da larunbatean Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketa

20220127PilotaTxapelketa

Larunbatean, urtarrilaren 29an, Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketa hasiko da Amasako pilotalekuan. Atzo eguerdian izan zen txapelketaren aurkezpena Amasan, eta Beatriz Unzue alkatea bertan izan zen, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko ordezkariekin batera. Txapelketan parte hartuko duten Leire Esnal, Manu Quesada eta Asier Navaridas kirolariek ere parte hartu zuten aurkezpenean.

Bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Amasa-Villabona, Errenteria, Donostia (Añorga), Asteasu, Andoain, Idiazabal, Zarautz eta Zumaia. Buruz-buruko bi kategorien finalak martxoaren 12an jokatuko dira Idiazabalen. Eta, bikotekako txapelketaren finala, berriz, maiatzaren 14an egingo da Zumaian.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Zarautz KE eta Zumaia KE.

Adimen urritasuna duten kirolariek gogoz ekingo diote txapelketari larunbat honetan Amasako frontoian, goizeko 10:30ean. Gainera, aurten, ikusleek partidak ikusteko aukera izango dute. Iaz, Covid pandemiaren eraginez partida guztiak ikuslerik gabe jokatu ziren eta.

Amasa-Villabonako udalarentzat ohorea da horrelako txapelketa bat herriko frontoian abiatzea.

Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketaren kartela