Olaederra Kiroldegira sartzeko ez da Covid ziurtagiria beharko

Kiroldegia2

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko jaurlaritzak Iñigo Urkullu lehendakariaren abenduaren 14ko dekretua luzatzeko egindako eskaera atzera bota ondoren, Covid ziurtagiriak derrigorrezkoa izateari utzi zion atzo EAEn abendu erdialdetik eskatu diren hainbat espazio eta eraikinetara sartzeko. Ondorioz, orain arte ez bezala, hemendik aurrera ez da Covid ziurtagirik eduki beharko kiroldegietara sartzeko.

Baja eman dutenek, ez dute matrikularik ordaindu beharko berriro bazkide egiteko.

Amasa-Villabonako udalak, kiroldegira sartzeko Covid ziurtagiria edukitzea derrigorrezkoa izan den egunetan (abenduaren 14tik otsailaren 1era) Olaederra kiroldegiko bazkide izateari utzi dioten herritarrek berriro bazkide egitea erabakitzen badute, pertsona hauei matrikularik ez kobratzea erabaki du, Olaederra kiroldegiko enpresa kudeatzaileekin adostasunez.

Bestalde, Amasa-Villabonako udal gobernuak kiroldegietan Covid ziurtagiria eskatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako derrigortasuna hasieratik ulertezina eta ezegokia izan dela adierazi du. Beatriz Unzue alkatearen iritziz, Covid ziurtagiria eskatzeak herritarren eskubide indibidualak zapaldu ditu eta dudarik gabe pertsonen osasunarentzat mesedegarria den kirola egitera joateko ziurtagiri hori edukitzea derrigorrezkoa izatea zentzugabekeria galanta izan da.