
Pobrezia egoeran edota bazterketa sozial arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko elkartea da Elkartasun Sarea. 2020 urtean bolondres talde baten eskutik sortu zen eta ordutik ez dio utzi behar handiena duten herritarrak laguntzeari. Elikagaiak eta oinarrizko produktuak biltzen ditu batez ere, baina ZU-BI izeneko dinamika berria ere abiarazi du, pobrezia egoeran bizi diren haurrek ere, herriko aisialdi, kirol edo kultur elkarteetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Elkartasun Sareak udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin koordinatuta egiten du lan, horrela, laguntza jasotzen duten familiak edo norbanakoak sail honek gainbegiratzen ditu.
Elkartasun Sareak 2021eko balantzea aurkeztu du:
1.418 elikagai lote banatu dira
Bolondres sareak, guztira, 1.418 elikagai lote banatu ditu amasa-billabonatarren artean. Horietatik 506 Oiartzungo elikagai bankutik ekarritakoak izan dira, eta 912 auzolanean bildutakoak, edo herriko merkatariek eta Eroski supermerkatuak emandakoarekin osatu dira.
Eskola materiala, arropa, jostailuak eta altzariak ere banatu dira
Eskola materialari dagokionean, herriko dendarien eta herritarren ekarpenari esker bildu da guztia eta horri eskerrak, 34 haurrek beharrezkoa zuten ikasketetarako materiala jasotzeko aukera izan dute. Arropa behar zutenei ere erantzun zaie eta guztira, 86 arropa lote banatu ditu sareak 2021. urtean zehar. 32 haurrek jostailuak jaso dituzte, eta altzarien artean sofak, koltxoiak, haurrak paseatzeko aulkiak banatu dira, besteak beste. Horrela, Elkartasun sarearen helburua ez bada ere, ekonomia zirkularrari eta produktuen berrerabilketari ere ekarpen esanguratsua egin zaio.
ZU-BI proiektua, erreferentea
Gaitasun ekonomikorik ez duten familien seme-alabek kirol eskolan parte hartu dezaten, gizarte larrialdietarako programan dauden 8 gaztetxoei kirol eskolako matrikula ordaindu zaie. Dena den, ZU-Bi proiektu honek duen garrantziaz jabetuta, urratsak emateko ahalegin berezia egingo du Elkartasun Sareak 2022an zehar.
Udaletik eskerrak bolondresei eta parte hartzaileei
Udal ordezkariak oso pozik agertu dira, pobreziaren errealitatearen aurrean herriak eman duen elkartasun erantzun eredugarriarekin, eta eskerrak eman nahi dizkie Elkartasun Sarean musutruk lanean ari diren boluntario guztiei, elikagaiak, jostailuak, eskola materiala, arropa edo beste produktu batzuk eman dituzten herritar guztiei eta produktuen bilketan aktiboki lagundu duten dendariei.