Zalantzarik gabe, merkataritza sektoreak garrantzia handia du Amasa-Villabonako ekonomian eta gizartean. Enplegu asko dituen funtsezko sektore ekonomiko bat izatetik harago, saltoki eta dendek herriko kaleei ematen dien bizitza azpimarratu behar da. COVID-19ak sortutako krisiak eragin nabarmena izan du eta inoiz baino ageriago geratu da herriko merkataritza sektorea bizirik eta osasuntsu mantentzeko neurriak hartu behar direla.
Amasa-Villabonako udalak tokiko merkataritza sustatu eta bultzatzearen aldeko politikak garatzen eta neurriak hartzen jarraitu nahi du.
Beraz, Udalak Oria Merkatarien elkartearekin horrela adostuta, “Villabonako Merkataritza Sustatzeko Plana” osatzeko prozesua jarri du martxan eta horretarako, estatistiketan eta merkatu azterlanetan adituak diren Ikertalde Grupo Consultor S.A. enpresa kontratatu du, 7.260 euroko inbertsioa eginez.
Plan honen lehen fasean, herritarren eta merkatarien ohitura eta beharrak ezagutu nahi ditugu, eta sektoreko joerak kontutan hartuta, gaur egungo egoera ondo ezagutzeko balioko duen diagnosi bat osatuko da.
Jarraian, diagnosi horren ondorioak ezagutu eta aztertu ondoren, Amasa-Villabonako egoerara egokitutako Ekintza Plan bat diseinatuko da. Plan horrek herriko merkataritzari bultzada bat emango dioten neurri zehatzak definituko ditu eta bide-orri izango da hemendik aurrera udalak garatuko duen merkataritza sustatzeko politiketarako.
Lanketa hau aurrera eramateko ezinbestekoa izango da herritarren eta merkatarien inplikazioa, beraz, Udaletik herritarrak animatu nahi ditugu ikerketa honetan parte hartzera eta eskatutako inkestak eta galdetegiak erantzutera.