
Larreako haur parkea estaltzeko proiektuak, Villabonak duen gune estali gehiagoren beharrari erantzuten dio eta gogoratu behar da 2014an garatutako herritarren parte hartze prozesuan, herritarren babes handiena jaso zuen proiektua izan zela.
Orduz geroztik, EH Bilduk proiektu horren aldeko jarrera argia azaldu du beti, hauteskunde programan aurkeztu zuen eta 2019ko ekainean udal gobernua eskuratu zuenetik, Larreako parkea estaltzea lehentasunezko egitasmoen artean kokatu zuen.
Horrela, 2020 urte hasieran, proiektu berreskuratu zen, udala proiektuaren egilea den Antonio Lopez arkitektoarekin harremanetan jarri zen, udal arkitektoak proiektuaren aldeko txostena egin zuen eta 175.000 euroko lehen diru partida sortu zen. 2020ko irailean udaleko Hirigintza eta Ingurumen batzordean proiektua ofizialki onartu zen EH Bildu eta PSEren babesarekin eta EAJ-PNVren kontrako botoarekin. Behin proiektua onartuta, 2020. urtea amaitu aurretik esleipen prozesua martxan jartzea zen asmoa.
Bistakoa da, helburu hori ezin izan dela bete, besteak beste, arrazoi hauengatik:
Covid-19aren pandemia. Aurrekaririk gabeko osasun larrialdi egoerak sortutako krisi ekonomiko eta sozial larriari erantzutea bilakatu zen Udalaren lehentasun ia bakarra.
Arazoak udaleko idazkaritzan: Udal idazkari postua hainbat hilabetez hutsik egon da eta guztira lau idazkari ezberdin izan dira legealdi honetan. 2021ean idazkariaren hautaketa prozesu berri bat egin behar izan zen eta horrek obraren esleipen prozesua geldiarazi zuen.
Ezusteko arazo teknikoak
– Lurzoruaren azterketa Geologikoa. Eremuaren segurtasuna bermatzeko, Udalak parkearen azpialdeko lurzorua aztertu behar izan zuen. LURTEK enpresa kontratatu zen eta zundaketa lanak egin ziren, lurzoruaren ezaugarriak aztertu eta txosten geotekniko bat osatzeko. Ezusteko lan honek lehen atzerapena eragin zuen.
– Altzairuaren prezioaren igoera: Honek proiektuaren aurrekontua aldatu beharra eragin zuen. lehengai honen prezioaren igoerak proiektuaren aurrekontuari nola eragingo zion jakiteko azterketa bat egin zen eta hasierako aurrekontuari gehikuntza ekonomiko bat egin behar izan zaio.
– Parke ondoko propano-tankea. Hau izan da proiektu honetan atzerapen handiena eragin duen arrazoia. Propano tanke bat dago haur parkearen ondoko belardi txiki batean lurperatuta. Legedi urbanistikoak eta Europako UNE 60250 arauak, ezartzen dute legez kanpokoa dela estalitako haur parke batean horrelako tanke bat izatea. Udala bizilagunekin harremanetan jarri da eta propanotik gas naturalerako transformazioa egiteko eskaintza egin die. Horrela, tanke hori funtzionamenduz kanpo utzi eta inertizatu egingo litzateke, arazoari irtenbidea emanez.
Guzti honengatik, tamalez, proiektu honek atzerapen handia pilatu du eta horregatik barkamena eskatzen diegu herritarrei. Oraingoz ezin izan dugu emandako hitza bete, eta asko sentitzen dugu.
Beste behin udal gobernuak argi eta garbi adierazten du Larreako haur parkea estaltzeko proiektua aurrera eramateko konpromiso irmoa duela. Ahalegin guztiak egingo ditugu, ahal bezain azkar proiektu hau errealitate bat izan dadin.