Lankidetza hitzarmen berezia, Behar Zana eta Udalaren artean

20220405BeharZana

Pasa den urtean 75 urte bete zituen Behar Zana Pelota Elkarteak. COVID-19ak eragindako pandemiak, ordea, ez zuen urteurrena behar bezala ospatzen utzi. Horregatik, aurtengorako, ekintza eta jaialdi desberdinak antolatu ditu herriko pilota elkarteak.

Gauzak horrela, Behar Zanaren 76. Urteurrenaren harira antolatutako ekintza eta ospakizunak antolatu eta garatzeko, Amasa-Villabonako Udalak eta Pelota Elkarteak lankidetza hitzarmen berezi bat sinatu dute. Horrela, pilota jaialdi desberdinez gain, Amasa-Villabonako kulturari oihartzun berezia emango dioten ekimenak antolatu ditu elkarteak. Gainera, elkartasun ekintza solidario bat ere martxan jarri dute, Aspanogi, Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea laguntzeko.

Behar Zana Pelota Elkarteak antolatutako jaialdiak:

• Berdel pilota festa – Martxoak 12

• Bertso pilota jaialdia – Apirilak 30 – Villabonako udal-pilotalekuan
Besteak beste, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi pilotari ezagunen parte hartzearekin.

• Pilota maratoi solidarioa – Ekainak 3 – Villabonako udal-pilotalekuan
25 orduz pilotan, 12 modalitate baino gehiago. 200 pilotarik baino gehiagok parte hartuko dute. ASPANOGI Elkartearen alde (Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea)

• Errebotea sutan – Ekainak 25 – Erreboteko plazan
Behar Zanako pilotariek osatutako errebote taldeen arteko txapelketa historikoa.

Hitzarmen berezi honen bidez, Amasa-Villabonako Udalak 7.000 euroko ekarpena egin dio Behar Zana elkarteari, ekimen hauen antolaketa finantzatzeko.

Bestalde, EPEL ligako, hau da, Esku Pilota Enpresen Ligako pilotari profesionalen jaialdi berezia izango dugu aurrenekoz Amasa-Villabonan. Partida hauek udazkenean jokatuko dira, Villabonako udal-pilotalekuan. Ekimen hau aurrera ateratzeko 5.000 euro bideratu ditu Udalak.