Gure kaleetako elkarrizketen %51,5a euskaraz egiten dira. Azken bost urteetan sei puntu egin du gora euskararen kale erabilerak.
Bost urtean behin Udalaren aginduz, Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa egiten du Soziolinguistika Klusterrak. Ikerketa honek herriko kaleetan zuzenean behatutako hizkuntzen erabilera jasotzen du. Azken behaketa 2021eko udazkenean egin zen eta guztira, kaleko 1.423 elkarrizketak (4.272 solaskiderekin) osatu dute lagina, errore marjina %1 ingurukoa izanik.
Gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak
Adinaren araberako datuak aztertuta, gazteen artean entzuten da euskara gehien (%72,1), ondoren haurrak (%67,5), heldu gazteak (%52,4), adinekoak (%38,6) eta heldu nagusiak (%36,3).
Azken ikerketa honen arabera, haurren presentziak eragin nabarmena du euskararen erabileran. Izan ere, kaleko elkarrizketetan haurrak tartean daudenean, euskararen erabilerak gora egiten du.
Haurrek eta gazteek gainera, gehiago egiten dute euskaraz euren adin-tartekoekin, adin desberdinetako jendearekin daudenean baino: gazteek (%77,5) eta haurrek (%73,4). Horrek erakusten du haur eta gazte gehienek euskararen erabilera naturala egiten dutela, kanpoko eraginik gabe euskaraz egiteko joera argia dutelako.
Ikusi adinaren araberako grafikoa
Azken 20 urteetako bilakaera
Azken bost urteetan erabilerak sei puntu gora egin du (2016an %45,1 eta 2021ean %51,5). Horrela, 2016an atzemandako euskararen erabileraren beherakadari buelta eman zaiola esan genezake, duela 2011ko erabilerara hurbilduz (%51,8).
Hogei urteren ondoren, aldiz, euskararen erabilerak ia bere horretan jarraitzen duela ikus genezake; 2001ean %51,3koa zen eta 2021ean%51,5ekoa. Beraz, gure kaleetako euskararen erabilerak ez du gora egin XXI. mendean, datu kezkagarria. Aldea da, 2001ean ez bezala, gaztelaniaren presentzia txikiagoa dela orain, gaztelaniak galdutako lekua beste hizkuntzek hartu dutelarik.
Ikusi azken 20 urte hauetako bilakaeraren grafikoa
Ondorio nagusiak
Azken bost urteetan euskararen erabilerak gora egin du, baina argi dago euskararen etorkizuna ez dagoela bermatuta. Gure hizkuntzak egoera hauskorra du oraindik, eta erabilera sustatzeko neurriak hartzen jarraitzea ezinbestekoa izango da.
Datozen urteetan funtsezkoa izango da haurren eta gazteen hizkuntza joerei erreparatzea. Zaindu beharrekoa da haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak izatea eta euskarazko sozializazio naturalari eustea.
Udalaren irakurketa
Amasa-Villabonako Udalak positiboki baloratzen du azken bost urteetan gure herriko kaleetan euskararen erabilera %6an handitu izana, zorionez 2016an izandako beherakadari buelta eman baitzaio. Hala ere, duela 20 urteko egoera oso antzekoan gaude oraindik eta horrek euskararen erabilerak geldialdi iraunkor bat bizi duela erakusten digu. Horregatik argi dugu gure hizkuntzaren normalizazioa eta euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi dugunok, lanean gogor jarraitu beharko dugula aurrerantzean ere. Euskara hizkuntza zaurgarria da oraindik, eta beharrezkoak ditu euskara sustatuko duten hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzea. Zentzu horretan, Udalak UEMArekin batera eta Euskaran Ados! lan mahaiaren bidez, gure herrian euskararen erabilera handitzea ahalbidetuko duten politikak eta neurri ausartak hartzen jarraitzeko konpromiso irmoa du. Hizkuntza politika zehar-lerroa izango da udalaren jardunean. Gure hizkuntzaren biziraupena guztion eskuetan dago, euskahaldundu gaitezen, eta euskaraz bizi!