Gurea Antzokian izango da “Arnasetik” bideosormen lehiaketako sari banaketa ekitaldia

20221027Arnasetik

Arrakasta handia izan du lehiaketak, eta 99 lan jaso dira. Lehiaketaren helburua arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gaztetxoen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea izan da. Sari banaketa ekitaldia bihar, urriaren 28an, egingo da Villabonako Gurea Antzokian, 18:00etan.

“Arnasetik” sormen lehiaketa UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz sustatutako egitasmoa da, euskararen arnasguneetan egiten den Arnasa Gara ekimenaren barnean, euskararen arnasguneek hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

“Arnasetik” sormen lehiaketak erantzun handia izan du: guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek. Lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea; eta, bestetik, arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea.

Sari banaketa, Amasa-Villabonan
Bideo sormen lehiaketaren sari banaketa bihar, urriaren 28an egingo da Villabonako Gurea Antzokian, 18:00etan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Gurea Antzokian; besteak beste, Sara Alonso musikariaren emanaldia.