Odol Emaileen Elkarteak 9 odol emaile omendu ditu gaur eguerdian Udaletxeko Batzar aretoan izan den aitortza ekitaldian. Esker oneko hitzak nagusitu dira, odol emaileen elkartasunari esker bizitza ugari salbatzen direlako. Odol emaileen elkarteko Amasa-Villabonako boluntarioez gain, Beatriz Unzue alkateak eta Arantza Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere ekitaldian parte hartu dute.
Beatriz Unzue alkateak gogora ekarri duen moduan, Amasa-Villabonako eta oro har Aiztondo bailarako herritarrek egin duten ekarpena eredugarria izan da beste behin, eta eskertza hitzak izan ditu bai odol emaileentzat, baita elkarteko boluntarioentzat ere, “Gure gizarteak asko zor dizue. Zuen odolari esker pertsona askoren bizitzak salbatu dituzue eta hori harro egotekoa da“.
Ekitaldi hunkigarria izan da eta 25, 40, 60, 75 eta 80 aldiz odola eman duten 9 emaile bertaratu dira Udaletxeko batzar areto nagusira.
Bi hilabetez behin, herrian bertan odola emateko aukera
Hilabete bikoitietako azken ostiraletan Gurea Antzokiko Erakusketa gelan eman daiteke odola, 16:30-20:30 ordutegian, beti ere, aurrez, 943 00 78 88 telefonora deitu eta hitzordua eskatuta. Amasa-Villabonako hurrengo estrakzioa abenduaren 30ean izango da.