Herritarrek Gurea zinearen inguruan dituzten oroitzapenak, istorioak eta pasadizoak jaso nahi ditu Kultura Sailak, aretoaren 75. urteurrenaren harira.
Aurten 75 urte beteko dira Gurea zineak ateak aurrenekoz zabaldu zituenetik, 1948. urtean hasi baitzuen ibilbidea herriko zine-aretoak. Harrezkero, herriko kultur-areto erreferentea izan da, eta goi mailako artista ospetsuak hartu ditu bere ibilbide luzean zehar. Hasiera batean, artista ospetsu horiek pantailan bakarrik ikus zitezkeen, lehendabiziko hamarkadetan zine-areto soila baitzen Gurea. Baina, 1991. Urtean, Villabonako Udalak eraikinaren jabea den elizarekin aretoa kudeatzeko hitzarmena sinatu eta antzoki-zinea egokitu zuen. Horretarako, Udalak obra garrantzitsu bat gauzatu zuen, eta horrenbestez, gaur egun ere, aretoak erreferente izaten jarraitzen du Villabonan eta eskualde osoan, egokitzeko gaitasuna eta kultur sorkuntzarekin duen konpromisori esker.
Gizartearekin batera eraldatutako aretoa
Ezinbestekoa da aldaketa sozialetara eta garai berrietara egokitzea, eta Gureak asmatu du horretan. Horren adibide argia da bere 75. urteurrena. Jendartearen aldaketetara egokitzeko eta ikusleen lehentasunak asetzeko helburuarekin, pelikuletatik harago mota guztietako emanaldi artistikoetara zabaldu du oholtza. Gaur egun, antzokian ikus-entzunezkoekin eta arte eszenikoen munduarekin lotutako zientoka emanaldi eskaintzen dira urtero.
Ekipamendu teknologikoari dagokionean ere, sektoreko berrikuntzetara egokitu da pixkanaka. Teknologia funtsezkoa da ikuslearen esperientzia hobetzeko eta entretenimendurako aukera berriak eskaintzeko. Horrela, urte hauetan guztietan, proiektore digitala, 3D emanaldietarako aukera, pantaila handiagoa eta beste zenbait berrikuntza gehitu dira, emanaldi artistikoen eta entretenimenduaren kalitatea nabarmen hobetzeko.
Zazpi hamarkadetan sortutako oroitzapenak jaso nahi ditu Udalak
Zinema-aretoek une bereziez gozatzeko, esperientziak partekatzeko eta betiko oroitzapenak sortzeko aukera eskaintzen dute. Ziur gaude Gurea Aretoak ere balio sentimental eta emozional handiko oroitzapen ugari sortu dituela amasa-billabonatar askorengan. Beraz, Udaleko Kultura Sailak herritarren oroitzapen berezi horiek bildu nahi ditu Gurea zinearen 75. urteurrenaren harira. Horrela, zazpi hamarkada hauetan zehar Gurearekin harreman bereziren bat izan duten herritarren istorioak eta pasadizoak jaso nahi ditu Udaleko Kultura Sailak.
Kultura Saila testigantzak eskainiko dituzten pertsonen bila ari da, horiek bideoz grabatzeko. Ekimen interesgarri honetan parte hartu nahi duten herritarrek, edota grabazio horietan parte hartzeko pertsona egokiak gomendatu nahi dituztenek, Kultura Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, Udaletxeko 943 69 21 00 telefonora deituz edo kultura@villabona.eus e-mailera idatziz.
Abenduaren lehen hamabostaldian Gurea zine-aretoan izango den ekitaldi berezi baten antolaketa lanetan murgilduta dabil Kultura saila azken asteotan. Bertan, besteak beste, bildutako testigantza horiek guztiek tokia izango dute.