Ibilian programa datorren asteazkenean, urriaren 9an, hasiko da

20241002 Ibilian

Amasa-Villabonako Udalak, herriko adinekoen osasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa berretsiz, Ibilian programari ekingo dio berriro, adineko pertsonen artean jarduera fisikoa bultzatzeko eta herritar talde horren artean harreman berriak sustatzeko.

Ekimen honen bitartez, Udalak astero herrian paseoak egiteko aukera eskaintzen die adineko pertsonei. Lehenengo topaketa urriaren 9an, asteazkenean, izango da, goizeko 11:00etan, Villabonako Erreboteko plazatik abiatuta. Ibilaldiaren ondoren, parte-hartzaileek salda beroa hartzeko aukera izango dute elkarrekin.

Erniobea BHIko eta Zubimusu Ikastolako DBHko ikasleek, txandaka, boluntario gisa lagunduko dute asteroko ibilaldi hauetan, eta komunitate-giroa sustatuko dute, belaunaldien arteko elkarreragina eta ikaskuntza bultzatuz.

Egiaztatuta dago jarduera fisikoak osasuna hobetzen duela oro har, eta adinekoentzat bereziki onuragarria dela. Horretaz jabetuta, Ibilian programak aukera paregabea eskaintzen du kolektibo horrek asteazkenero ordubetez paseoak lagunartean egiteko.

Ekimen honetan, Udalaz gain, hainbat erakundek parte hartzen dute, hala nola Santiago egoitzak, Salbadora erretiratuen etxeak, Olaederra kiroldegiak, Zubimusu Ikastolak, Erniobea BHIk, Uliazpik, Matia fundazioak, Goxarak, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak.

2024-2025 Ikastureko Ibilian egitasmoaren kartela