
Otsailaren 24an egindako Euskaran Ados! mahai irekiaren bilkuran, Amasa-Villabonako Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak omentzeko egingo den “Maite zaitut” festa erraldoia ekonomikoki babestea erabaki zen aho batez. Horrela, dagoeneko Udalak 1.000 € + BEZ-eko ekarpena egin dio maiatzaren 3an Barakaldoko BEC-en ospatuko den jaialdi berezi honi.
Modu horretan, Amasa-Villabonako Udala festa erraldoia babestu duten entitateen zerrendan sartuko da eta trukean jaialdiaren banderatxo bat jasoko du.
Euskaran Ados! mahaiko kideek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak urte luzez gure haurrek euskaraz ondo pasatzeko egindako ekarpen handia azpimarratu nahi izan dute eta Euskal Herri osoko artista eta pertsona ezagun ugarik parte hartuko duten Maite zaitut festa erraldoiaren helburuekin bat egin dute.
Jaialdi historiko honetarako sarrerak erosteko eta informazio guztia kontsultatzeko: https://www.nikeremaitezaitut.eus/