Erabilgarri dago Erreboteko plazako komun publiko berria

20250701 Komuna

Gaurtik aurrera komun publiko berri bat dago Villabonan. Udalak instalatutako hirugarrena da, eta dagoeneko erabilgarri dago. Komun berri hau Erreboteko plazaren eta Remi Aiestaran pasealekuaren artean dago, elikagai bankuaren parean.

Azken urtean Udalak hiru komun jarri ditu Villabonako toki estrategikoetan (osasun etxearen ondoan, Arroako Fleming Herri Eskolaren ondoan eta Erreboteko plazan). Hiruak auto-garbigarriak eta erabilera mistokoak dira, doakoak, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituta daude eta eguneko 24 orduetan daude erabilgarri. Kanpoaldean, hiru pertsonarentzako pixatokiak dituzte. Komuna libre, okupatuta edo automatikoki garbitzeko prozesuan dagoen adierazten duen argi-sistema bat ere badute sarreran. Pertsona bakoitzak, gehienez, 15 minutu izango ditu erabiltzeko.

Instalazio-lanak amaituta, dagoeneko erabilgarri dago Erreboteko plazako komun publiko berria, eta Udalak zerbitzu hau arduraz erabiltzeko eskaera egiten die herritarrei.