
Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritzari bultzada bat emateko ahalegina egingo du aurten ere, eta Oria Merkatari Elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonoen VII. kanpaina jarriko du martxan. Aurtengoa asteazkenean bertan hasiko da, irailaren 10ean, eta abenduaren 24ra arte luzatuko da.
Herriko merkataritza sektorea biziberritzeko helburua duen kanpaina honen bidez, Udalak herriko saltokietan kontsumitzera bultzatu nahi ditu herritarrak. Izan ere, tokiko saltoki horiek dira gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak.
Beraz, kanpaina berri honetarako Udalak 57.000 euroko inbertsioa egin du. Eta, aipagarria da, kopuru horretaz gain, Udalak 2.000 euroko gehikuntza bat emango diola Oria Merkatarien Elkarteri kanpaina honek dakartzan kudeaketa gastuei aurre egiteko.
2025eko Kontsumo Bonoen kanpainaren xehetasunak
Amasa-Villabonako kontsumo bonoen VII. kanpaina honetan 39 saltokik eman dute izena, eta herritarrek denda horiek erraz identifikatu ditzaten, “Bonoak hemen salgai” adierazten duen kartela jarriko dute erakusleihoetan. Guztira 11.400 bono egongo dira erabilgarri, saltoki bakoitzeko 292.
Bonoek 5 euroko balioa izango dute, eta 15 eurotik gorako gastua eginez gero, bonoaren deskontua aplikatuko zaio erosketari. Hau da, gutxienez 15 euroko erosketa eginez gero, 10 euro ordainduko ditu erosleak.
Bonoen aplikazioarekin kontsumitzaileak %33ko deskontua eskuratuko du:
- 15 euroko erosketa: 5 euroko bono 1
- 30 euroko erosketa: 5 euroko 2 bono
- 45 euroko erosketa: 5 euroko 3 bono
- 60 euroko erosketa: 5 euroko 4 bono
- 75 euroko erosketa: 5 euroko 5 bono
- 90 euroko erosketa: 5 euroko 6 bono
Erosleek, gehienez ere, 6 bono erabili ahalko dituzte saltoki bakoitzean, alegia, 30 euroko deskontua izango dute denda bakoitzeko.
Bonoen deskontuaz baliatu ahal izateko baldintza bakarra erosleak 16 urtetik gorakoa izatea izango da eta ez da kontuan hartuko zein herritakoa den.
Deskontua erosketa egiteko unean bertan aplikatuko da, beraz, bonoak ezingo dira aurrez eskuratu. Ez da bono fisikorik egongo. Erosketa ordaintzeko unean dendariak dagokion bono kopuruaren deskontua aplikatuko dio bezeroari.
Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, kanpaina honen xehetasunak eta kanpainan parte hartuko duten saltokien zerrenda biltzen dituen eskuorri bat banatuko dugu herriko etxe guztietara.
Amaitzeko, Udalak erosketak herriko saltokietan egitera animatu nahi ditu herritarrak, horrela Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertituko dutelako. Gure denda eta saltokietan kontsumitzea ezinbestekoa da herri bizi-bizia izaten jarraitu nahi badugu. Erosi Villabonan!