Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berria inauguratu da

20260123 Bidegorriaren inauguruazioa
Bidegorri berriak Amasa-Villabonaren eta Iruraren arteko lotura indartzen du, eta mugikortasun seguruagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa errazten du eguneroko joan-etorrietarako, industria-eremuetarako sarbiderako eta herritarren aisialdirako.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Gorka Murua Irurako alkateak eta José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak, Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berria inauguratu dute gaur eguerdian. Azpiegitura hori funtsezkoa da mugikortasun aktiboa, jasangarria eta segurua sustatzeko, bai eguneroko joan-etorrietarako, bai aisialdirako.

Ibilbide berriak 1,83 kilometro inguruko luzera du, eta Amasa-Villabona eta Irura lotzen ditu ibilbide seguru eta irisgarri baten bidez. Ibilbide hori lurraldeko bizikleta-sarean integratzen da, eta hiriguneen, industrialdeen eta hezkuntza-ekipamenduen arteko lotura errazten du.

Bidegorria eraikitzeko obrak guztira 3.177.000 euroko aurrekontua izan du, hau da, %32ko hazkundea hasierako aurrekontuarekin alderatuta, azpiegituraren segurtasuna, funtzionaltasuna eta jasangarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren aldaketa tekniko garrantzitsuen ondorioz.

Mugikortasun jasangarriaren zerbitzura dagoen azpiegitura
Bidegorria Amasa-Villabonako gasolindegitik eta beilatokitik igarotzen da, 34. industrialdea eta Ibaiondo poligonoak zeharkatzen ditu, eta Irurako eskolara eta herrigunera iristen da. Trazadurak bizikleta eta oinezkoen arteko tarte partekatuak eta tarte bereiziak konbinatzen ditu, eta arrapalak eta N-1 errepidea segurtasunez gurutzatzeko zubi-pasabide bat barne hartzen ditu.

Europako finantzaketa eta deskarbonizazioarekiko konpromisoa
Obra Gipuzkoako Foru Adundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du, eta Europar Batasuneko EGEF funtsen bidez kofinantzatu da, mugikortasun jasangarriagoarekiko eta garraioaren deskarbonizazioarekiko konpromisoa indartuz.

Jarduketa hori Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean eta Donostia eta Beasain lotzen dituen I-3 ibilbidean sartzen da, eta bizikleta-sare jarraitua, segurua eta konektatua lortzen laguntzen du.

Foru Aldundiak azpimarratu duenez, bidegorri honen inaugurazioarekin, beste urrats bat eman da mugikortasun-eredu osasungarriago, irisgarriago eta ingurumenarekiko errespetutsuago baterantz, jasangarritasunaren eta lurralde-kohesioaren helburuekin lerrokatuta.

Amasa-Villabonako alkatearen hitzak
Gaurko inaugurazio ekitaldian Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkateak azpimarratu duenez, “Espero dugu bi herrien artean dagoen industrialde honetako gero eta langile gehiagok bizikletaz bertaratzeko hautua egitea, horrek eragin positiboa izango baitu bai bere osasun pertsonalean eta baita N-1 autobideko eguneroko trafikoan ere”.

Bestalde honakoa gaineratu du Unzue alkateak bertaratutako hedabideen aurrean: “Gure Udalak aurrerantzean ere Foru Aldundiko Iraunkortasun sailarekin lankidetzan jarraitzeko borondate osoa du, mugikortasun jasangarria sustatzen duten proiektu gehiago aurrera ateratzeko. Une honetan Villabonako herrigunera iristen diren bidegorri ezberdinak elkarren artean modu duin batean lotzeko dugun beharra aipatu behar dut derrigor, hori baita gai honi dagokionez gure herrian dugun erronka nagusia. Espero dut elkarlanaren bidez norabide horretan aurrera urratsak emateko gai izango garela, egunerokoan bizikletaren erabilera handitzea lortu nahi badugu, ezinbestekoa izango baita etenik gabeko eta ondo konektatutako bidegorri sarea izatea”.