Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da

UEMA aurkezpenaVillabonako Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMAn) sartzea erabakiko du martxoaren 30eko Udalbatzaren osoko bilkuran. Bertan, UEMAko estatutuak onartuko dira, eta mankomunitateari gure herria onartzeko eskaera formala luzatuko zaio. Honek guztiak, euskararen normalizazio lanean Udalaren lana indartzea ekarriko du.

Udalak erabaki garrantzitsu honen berri emateko, AMAVI udal aldizkariaren ale berezi bat argitaratu du, eta aste honetan bertan herriko etxe guztietara banatuko du. Era berean, bideo bat ere kaleratu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen nondik norakoak azalduz eta Amasa-Villabonan euskararen egoera zein den azpimarratuz.

Ikusi hemen AMAVI aldizkariaren ale berezia.
Ikusi hemen bideoa.

Maiatzaren 29an, UEMAren Batzar Nagusia Amasa-Villabonan
Batzar Nagusia da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko erabakigune nagusia, eta aurten Amasa-Villabonan izango da maiatzaren 29an, Gurea Antzokian. Besteak beste, egun horretan bertan ofizialki onartuko du UEMAk Amasa-Villabona mankomunitateko kide gisa, eta horrela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 89. Udalerria izango da Amasa-Villabona.

Maiatzaren 29ko egitaraua aurrerago ezagutaraziko dugu.