
Azken urteetan Arratzainera futbolean entrenatzera joaten diren pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora, bai mutilen kategorietan, baita emakumezkoenetan ere. Beraz, kirol instalazio honetan geroz eta erabiltzaile gehiago biltzen denez, Udalak kirol-esparruaren barruan espazio berri bat egokitzea erabaki du Billabona FKE-ko eta Aiztondo NKT-ko ordezkariekin batera.
Horrela, futbol-zelaiaren hegoaldean, aparkalekuaren aldean berotze-ariketak egiteko egokia izango den eta futbol zelaiak bezala belar artifiziala edukiko duen eremu berria sortzeko lanak abiarazi dira aste honetan. Lan hauek iraila hasierarako eta ondorioz futbol denboraldia hasi aurretik amaituko dira.
Helburua da futbol taldeen entrenamenduetan hainbat ariketa egin ahal izateko eta partiduak hasi aurretik luzatze eta beroketa ariketak egiteko eremu erabilgarri bat edukitzea, futbol zelaitik kanpo, baina alboan.
Lan hauek Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresak egingo ditu, eta Udalak guztira inbertsioa 47.685,68 euroko inbertsioa egin du.
Hobekuntza berri horrekin kirola sustatzeko eta instalazio publikoak etengabe hobetzeko konpromisoa berretsi du Udalak, beti herriko klub, elkarte eta taldeekin elkarlanean.