Astelehenetik aurrera adineko herritarrei deituko zaie beren egoeraren inguruan galdetu eta asistentzia eskaintzeko

ETUKLFRXYAA12IZ

Azken egunotan, osasun publikoa, eta batez ere, adinekoen eta patologia desberdinak dituzten herritarren osasuna eta egoera pertsonala dira lehentasun eta kezka nagusi Amasa-Villabonako udalean. Bide horretan, neurri desberdinak hartzen ari dira. Adinekoen eguneroko beharrei erantzutea eta etxean egoteak sor dezakeen bakardade eta ezinegonak kezkatzen gaitu gehien, eta horiek arintzeko neurriak hartzen jarraitzen jarraitzen du udalak.

Adinekoen artean, menpekotasuna duten eta gizarte zerbitzu publikoen erabiltzaileen inguruan hartu dira lehen neurriak. Prebentzio neurri gisa, eguneko zentroa  itxita daugo pasa den astetik, baina kasuz kasuzko azterketa egin eta etxean asistentzia eskaintzen ari da udala, prebentzio neurri guztiak hartuta.

Adinekoak diren eta patologia desberdinak dituzten herritarrek udaleko telefonoa (943 692100) eta gizarte@villabona.eus helbideak beren beharrei erantzuteko dituzte. Hala, eguneroko beharrei erantzuteko laguntza behar dutenei (erosketak egin, botikararen baten beharra…)  boluntarioen bidez eskaintzen zaie laguntza 693 018 569 telefonoaren bidez. Horretaz gain, bakardadeak sortzen duen ezinegona duten pertsonek ere asistentzia eta laguntza profesionala jasotzeko aukera izango dute.

Lehenik 80 urtetik gorakoei eta ondoren 70-80 urte bitartekoei (90 urtetik gorakoei deitu zaie dagoeneko)

Adinekoak hasi dira beren beharren berri ematen eta momentuz, udal baliabideen bidez hasi dira beharrei erantzuten. Hala ere, pauso bat gehiago eman eta astelehenetik aurrera 70 urtetik gorako herritarrei telefonoz deitzen hasiko da udala (lan hau dagoeneko hasita dago eta dei ugari egin dira).

Lan hori udal langileen bitartez egingo da eta lehenik 80 urtetik gorako herritarrei deituko zaie eta ondoren 70-80 urte bitartekoei. Izan ere udal erroldan pertsona gehienen telefonoak ez daude jasota eta ondorioz lehen lana telefono zenbakiak lortzea izango da. Kontuan izan behar da Amasa-Villabonan 70 urtetik gorako 905 pertsona inguru bizi direla, eta beraz, lan mardula izango dela.

Telefono dei horien bidez herritarrei beren egoeraren eta dituzten beharren inguruan geldetuko zaie. Herritarrak etxean ondo egotea da helburua, bakarrik badaude ere atendituta egotea. Ez dugu inor bakarrik sentitzerik nahi, eta horien guztiekin ahalik eta epe motzenean harremanetan jartzea nahi dugu. 

Dei horiek egindakoan, herritarren egoera zein den hobeto ezagutuko du Udalak, eta behar berriak detektatzen badira horiek erantzuteko neurriak eta baliabideak jarriko ditu.

Azkenik, udalaren izenean Amasa-Villabonako herritarrak eskertu nahi ditugu, orokorrean, arduraz eta zentzuz jokatzen ari direlako. Boluntario sarea osatzeko prest diren herritarrak ere eskertu eta zoriondu nahi ditugu, erakutsitako prestutasunagatik.