
Herriko bizikleta-zaleek egindako eskaerari erantzunez, eta herritarrek txirrindularitza geroz eta gehiago praktikatzen dutela ikusirik, Udalak gune berri bat egokitu du bizikletak garbitzeko eta oinarrizko konponketak egiteko. Otsabiko parkean, Pump Track pistaren ondoan, kokatu dute eta dagoeneko erabilgarri dago herritarrentzat.
Gauzak horrela, espazio berri honetan bizikletak heltzeko bi euskarri eta ur presio handiko mangeraz gain, bizikletak konpontzeko gunean honako erramintak edo tresnak egongo dira erabiltzaileen eskura:
- Bihurkina (laua eta izarra)
- Torx giltzen sorta (9 / 10 / 15 / 20 / 25 / 27 / 30 / 40)
- Allen giltzen sorta (2 / 2,5 / 3 / 4 / 5 / 6 / 8 mm)
- Giltza finkoa (8×10 eta 13×15)
- Giltza zabalgarria
- Desmuntagarriak
- Puzgailua
Guztion ardura da gunea behar bezala zaintzea
Gaur eguerdian egin den aurkezpenean, Xabat Laborde alkateordeak espazio berri honen zaintza eta erabilera egokiaren garrantzia azpimarratu nahi izan ditu “guztion ardura da gunea behar bezala zaintzea eta honi erabilera egokia ematea”. Beraz, Udalak gunea errespetatzeko eskatu du, eta gogorarazi nahi izan du garbitokiaren sarreran zehaztuta daudela gunearen erabilera arauak:
- Debekatuta dago kotxeak eta motoak garbitzea.
- Xaboirik ez erabili.
- Joan aurretik txorrota itxi eta gunea txukun utzi.
Bizikleten garbitoki hau goizeko 08:00etatik iluntzeko 21:00ak arte egongo da irekita erabili nahi duenarentzat.
Hein handi batean, berrerabilitako materialekin sortutako gune berria
Zerbitzu berri honen etxola eraikitzeko, eta honek beharrezko hornidura izan dezan, brigadako langileek Udalak lehendik zituen baliabideak eta materialak berrerabili dituzte. Aldiz, inguruko errotulazioa eta kartelak Rótulos Vicente S.L. enpresarekin egin dira, eta 3.460,60 euro bideratu dira lan horietara. Bestetik, bizikletak konpontzeko gunea On Bizi enpresaren bidez eskuratu da, eta 1.801,69 euroko kostua izan du. Horrela, guztira, 5.262,29 euroko inbertsioa egin du Udalak bizikletak garbitzeko eta konpontzeko zerbitzu berri hau herritarren eskura jartzeko.