Elikagaien eta oinarrizko produktuen bilketa oso arrakastatsua izan da

bilketa arratsaktatsua

“Berpiztu Amasa-Villabona” dinamikaren baitan, ostiral eta larunbat honetan udalak antolatutako elikagaien eta oinarraizko beharretarako produktuen bilketa herrikoiak herritarren erantzun bikaina izan du. Ehunka kilo jaso dira herriko hainbat dendetan jarritako kutxetan eta gaur kalean ezarri diren bi bilketa postuetan. Udaletxeko biltokia txiki geratu da eta ozta-ozta sartu ahal izan da dena bertan. Ezinezkoa da zenbat kilo bildu diren jakitea, baina milatik gora izan direla esan daiteke. 

Udal arduradunak oso pozik agertu dira ekimenak izandako erantzunarekin, izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu dira. Beste behin, Amasa-Villabonako herritarrek sekulako elkartasun erakustaldia egin dute eta agertian geratu da gurea herri solidarioa dela, inor bazterrean eta gosez egoterik onartu ezin duen herri eredugarria. Udalak eskerrak eman nahi dizkie beren ekarpena egin duten herritar guztiei. 

Udalak bereziki aitortu eta eskertu nahi ditu bilketa kutxak jarri dituzten dendariak eta gaur boluntario gisa bilketan laguntzen aritu diren dozenaka herritarrak.  

Datorren astean, gaur jasotako produktuan behar bezala sailkatu eta gizarte zerbitzuetako teknikariek osatutako egoera ekonomiko larria pairatzen dutenen zerrendako herritarrei banatzen hasiko da udala. Gaurko bilketak bultzada handia eman dio azken hilabeteetan udalak martxan jarri duen elikagai banaketari, eta udal arduradunek banaketak behar bezala antolatzeko, sistematizatzeko eta urte osora zabaltzeko urrats berriak emango dituztela azaldu dute.