
BEERTOKIko antolakuntzako kideak igorritako kritikei aurre egin dio Udalak
Orain dela hilabete batzuk Amasa-Villabonako Udalak herriko zenbait elkarte gastronomikorekin zerikusia duten ekintza desberdinak (bazkari herrikoiak, edari dastaketak…) antolatzeko Txermin ikastolako behealdea eskaini zuen kokaleku bezala. Modu honetara, geroz eta parte-hartze gehiago duen eta pilotako aktibitate desberdinak biltzen dituen “Behar Zana” pilotalekua egoera onean mantenduko da.
Martxoaren 13an egindako bileran, alkateak, akats administratibo baten ondorioz egon zen atzerapena onartu eta talde honi ikastolako gunea eskaini zien, baita udaletxearen laguntza osoa ere ekintza antolatzeko. BEERTOKIko ordezkarien erantzuna berriz honako hau izan zen: “ezin dugu, oporretara goazelako”. Komentariorik gabe.
Martxoaren 21ean egin zen osoko bilkuran, BEERTOKIko hainbat kidek ekintzaren toki aldaketarekin zuten desadostasuna adierazi zuten. Udalak eskainitako laguntza teknikoak oraindik ere bere horretan jarraitzen zuen.
Egun batzuen ondoren, Maite Izagirre alkatea antolakuntzako kide batekin kontaktuan jarri zen bilera egun bat zehazteko. Kontaktuan jarritakoan, ordezkariak gaiarekiko zuen interes minimoa ikusita, ezustekoa eraman zuen alkateak. Hala ere, azkenean, BEERTOKIko ordezkariak kontaktuan jartzea erabaki zuen.
Aipatutako bilera martxoaren 26an, goizeko 11:15etan, ospatu zen. Bertan, aurkeztu ere ez ziren BEERTOKIko 2 kidek udaleko ordezkarien argumentuak entzuteaz gain (Behar Zana pilotalakuaren zainketa, Txermin ikastolako irisgarritasunaren eta segurtasunaren kondizio hobeak…), 2018ra begira, planteamendua guztiz hobetzen zuen proposamena ezagutzeko aukera izan zuten: helburua, ikastola behealdean artisau garagardo feria ospatzeko instalazio egokia egitea karpa bat jarriz (udalak bere gain hartuko lukeena) eta udaleko teknikoen (aparejadorea, brigada…) laguntza.
Proposamena entzun ondoren, BEERTOKIko kideek honakoa adierazi zuten: “Behar Zana frontoia edo ezer ez”. Udalaren aldetik, toki aldaketaren inguruko arrazoiak berriro ere mahai gainean jarri ziren eta BEERTOKIko kideek beste hitz bat esan gabe, mahaitik altxa eta bileratik alde egin zuten. 7 minutu bakarrik iraun zuen topaketa horretan, BEERTOKIko ordezkariek honako hau azpimarratu zuten: “ezinezkoa da, oporretara goazelako”. Berriro ere, komentariorik gabe.
Hau nahikoa ez balitz, garagardo feriaren antolakuntzako kideak, udaleko teknikoengana hurbildu ziren festa hori “Behar Zana” pilotalekuan ospatzeko baimena eskatuz. Logikoa den moduan, eskaera ukatua izan zen, teknikoek ezin baitute horrelako baimenik eman.
Seriotasun falta honen eta antolakuntzakoek hitzarmen batera iristeko duren jarrera eskasaren aurrean, udaletxeak honako hau adierazi nahi du: martxoaren 26an egindako toki aldaketaren proposamenak martxan jarraitzen duela eta hitz egiteko prest daudela.
Hitzarmen batera iritsi bai, baina ez hordago edo “dena edo ezer ez” jarrerekin. Instituzioetatik beti egongo gara hitz egiteko prest, baina beti errespetutik bada. “Oporretara goazelako” denborarik ez dagoela esatea eta errealitatera hurbiltzen ez diren bertsioekin udaletxearen aurka orduak jardutea ez da serioa.
Jarrera eta borondate positiboa baldin badago, udaletxea beti egongo da prest akordio batera heltzeko. Ordea, beste helburu batzuk bilatzen badira, ez da akordiorik egongo.