Udalak gaur arratsaldeko 16:00etan jarriko du martxan Erreboteko plazako ur-parke berria.
Gaurtik aurrera ur-parkea egunero egongo da martxan goizeko 11:00etatik gaueko 21:00etarako ordutegiarekin. Aktibatzeko nahikoa da bertan dagoen barra berde gaineko botoia sakatzea. Aktibatu ondoren, ur-zorrotadak 4 minutuz egongo dira martxan, eta tarte horretan uraren irteera-modua aldatuz joango da. Guztira 11 ur-txorrota ezarri dira lurzoruan eta txorrota horiek intentsitate eta norabide desberdinak dituzte. Aktibatzeko botoia nahi adina aldiz sakatu daiteke ezarritako ordutegiaren baitan, ordutegitik kanpo emanez gero, ordea, ur-parkea ez da martxan jarriko.
Ur-parke xume honen irekierarekin, Udalak uda garaian haur eta gaztetxoen gozamenerako espazio berri bat eskaini nahi du, herriaren erdigunean kokatzen den oinezkoen eremu seguru batean. Gainera ur-parkea ezarri den eremu horretan eguzkiak goizez eta arratsaldez jotzen du, urarekin freskatzeko eremu ezin hobea eginez.
Udalak ur-parkea modu arduratsuan erabiltzeko deia egiten du, azpiegituraren egoera onean mantendu dadin uda osoan zehar.