
Udaberrian sartzearekin bat, martxan da berriz ere errenta aitorpena egiteko garaia, eta Tolosaldeko udalek UEMArekin batera, errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu diete herritarrei.
Kanpaina honen helburua ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea da, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan.
Azken urteko errenta aitorpen kopurua kontuan hartzen badugu, Amasa-Villabonako herritarren artean, 3.104 errenta aitorpenetatik, 919 izan ziren euskaraz aurkeztu zirenak. Beraz, errenta aitorpena euskaraz egitearen hautua egin duten herritarrak, % 29,60 izan dira. MILATIK GORA BAIETZ! izango da aurtengo erronka! Ea ba, datorren urteko errenta egitean milatik gorako datuak ditugun esku artean!
Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude aukeran (sakatu HEMEN azalpen kartela ikusteko), eta horietan euskararen aldeko hautua egitea erraza da.
Gizartearen esku dago euskara bere egin eta erabiltzeko ardura, eta baita administrazioarekin harremanak zein hizkuntzatan nahi duen erabakitzeko ere. Errenta aitorpena euskaraz egitea izan daiteke horretarako lehen pausuetako bat. Animatu!