«Eresargi Gazte abesbatza berriro elkartzea hunkigarria izan da»

ASIER VITORIA OK

Hainbat urte pasa dira Eresargi Txikik (ondoren Eresargi Gazte izatera pasatu zena) abesbatza izateari utzi zionetik. Taldea berriz ere elkartu zen joan den abenduaren 29an, Errenteriako 66. Gabon Abesti Lehiaketan parte hartzeko. Emaitza, ikusgarria: zortzi entsegu besterik ez zituzten behar izan lehenengo postua eskuratzeko. Hamar urtez abesbatza hartako zuzendaria izan zen Asier Vitoriak bizi zituzten sentsazioak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan.

Zer izan da zuentzat Errenteriako lehiaketa irabaztea?
Hamar urte dira ez genuela abesten abesbatza bezala, hamar urte Eresargi Txikiren (eta ondoren Eresargi Gazte) berezko doinu hori entzuten ez zela.

Guretzat lehiaketaren gauzarik politena berriz ere elkartzea izan da. Txapelketa irabaztea bigarren mailako zerbait da.

Nola otu zitzaizuen berriro elkartu eta txapelketan parte hartzea?
Orain dela hilabete batzuk afari bat egin eta berriz ere elkartzeko ideia mahaigaineratu genuen, Gabonetako oporraldian, zerbait prestatu eta txapelketa batean aurkezteko. Errenteriakoa aski ezagutzen dugu, beste hainbat ediziotan parte hartu baitugu. Oroitzapen onak genituen eta, joan den urritik, ostiraletan entseatzen hasi ginen, guztira 8 entsegu egin genituelarik.

Ilusioz gainezka eta irrikaz egongo zineten oholtza gainera igotzeko, ezta?
Bai. Abesbatzaren doinu berezi horren oroitzapena geneukan guztiok eta egia esan oso hunkigarria izan zen. Lehenengo entseguak zailak izan ziren, berriz ere abesbatza modura dena lotzea ez da erraza…baina azken bi saioak oso ondo atera ziren. Momentu ederrak bizi izan ditugu talde modura eta berriz ere elkartzea hunkigarria izan da.

Eresargi Gazte berriz ere taula gainean ikusteko aukera izango al dugu?
Beno, garaipena ospatzeko afaria egin genuen eta jarraipena emateko prest geunden ala ez hitz egin. Abesbatza batek diziplina eskatzen du; gogorra da, urte osoan zehar entseatu behar da eta horrek konstantzia eskatzen du. Gainera, kide asko, lanagatik edo beste arrazoi batzuk medio, kanpoan bizi dira; zaila da beraz jarraipen hori ematea. Gabonetan etxera etorri ziren asko eta une aproposa izan zen zerbait egiteko. Horregatik, erabaki dugu oraingoz iraila arte «eszedentzia» hartzea. Hil horretan beste afari bat egin eta orduan aztertuko ditugu aukerak, ea gar hori berriz ere pizten den edo…

la foto 1