Udal Gobernuak Morokok 24 saharraren aurka emandako epaia salatzen du

banderas

Villabonako Udal Gobernuak gogor salatu nahi du Marokok asteburu honetan 24 ekintzaile sahararren kontra emandako epaia. Herriari goi mailako traizioa egin diotela leporatuta, kondena gogorrak ezarri dizkiete, inolako frogarik gabe, nazioarteko behatzaileek egiaztatu bezala. Bestalde, giza eskubideen elkarteek salatu dute ekintzaile horiek torturapean egin dituztela beren aitorpenak, baina epaimahai militarrak uko egin dio hori ikertzeari. Gobernu talde honen iritziz, epai horrek giza eskubideen gaineko nazioarteko parametro guztiak urratzen ditu eta helburu du herri sahararra beldurtzea, autodeterminazioaren aldeko borroka bertan behera utz dezan.
Marokok etengabe urratzen ditu herri sahararren giza eskubideak, tortura, bortxaketa, eraso, atxiloketa, desagerpen eta erbesteratzeen bidez, are adierazpen askatasunaren eskubidea ukatuz ere. Urratze horien adierazgarri nagusietako bat Agdaim Izik kanpalekua desegitea izan zen. 2010eko azaroaren 8an, Marokoko Poliziak indarkeria erabiliz desegin zuen okupazioaz geroztik egindako protesta kanpalekurik handiena, hainbat hildako eta zauritu eraginez.
Udal Gobernuak aditzera eman nahi du epai hori arbuiatzen duela eta elkartasuna adierazi nahi die kondenatutako ekintzaile sahararrei, bai eta aske utz ditzaten eskatu ere. Bestalde, ikerketa inpartzial bat eskatzen du, kanpaleku horretan jazotakoa, batetik, eta egunero lurralde okupatuetan gertatzen dena, bestetik, argitzen laguntzeko. Ildo horretatik, eskatzen du, baita ere, MINURSOk eskumenak izan ditzala giza eskubideak defendatu eta gainbegiratzeko. Azkenik, bere babesa agertu nahi dio saharar herriaren kausari, eta herri horren autodeterminazio eskubidea defendatu.