Herriz herri, Espainiako Gobernuko agintariek euskal udalei espainiar bandera udaletxe guztietan jartzeko exijitzen die. Villabonako Udalak auzitegira jo du, ustez, “herriaren borondatearen aurka doan erabakia delako”. Billabonako Bai Euskal Herriari taldearekin batera, datorren asteartean, abenduaren 18an, Subijana etxean batzar ireki bat egingo du arratsaldeko 19:30ean, amasa-villabonatarrei inposaketa horren zehaztapenak pertsonan azaltzeko. Herritarrei bertaratzeko deia luzatzen die Udalak.
Erabaki inposatua
“Herritarron gehiengoarentzat sinbolo arrotza dena, gero eta udaletxe gehiagotan jartzen ari dira. Inposaketa honen aurrean, Villabonako Udalak auzitara jotzea erabaki du, gure borondatearen aurkako erabaki bat delako. Euskal Herriko Udalok Espainiako banderaren inposaketa onartu behar al dugu? Espainiako Gobernua egiten ari dena probokazio hutsa da. Legez ezarri nahi dute Espainiako bandera, borondatez onartzen ez dugulako. Horrela egin ezean, ordainketa altuekin eta gaitasun gabetzeekin mehatxatu gaituzte”, salatu du Villabonako Udalak.
“Bidegabekeria honen aurrean” herritarrei balkoietan euskal ikurrak jartzeko deia luzatzen die Udalak, ” herri honek, bere ikur propioak badituela aho batez adierazteko”.
Era berean, herritarrei egoeraren berri emateko asmoz, Billabonako Bai Euskal Herriari taldearekin batera, datorren asteartean, abenduaren 18an, Subijana etxean batzar ireki bat antolatu du Udalak. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izango da. ” Bertan ikustea espero dugu; zuen laguntza eta babesa behar ditugu!”, eskatu du Galder Azkue Alkateak.