Etorkizuneko Amasamendi irudikatzeko lana hasi da

Amasamendi web‘Nolako Amasamendi nahi duzu?’
Galdera honi erantzun bat eman nahian ari da lanean Villabonako Udala. Lehen bileraren helburua, Amasamendik egun dituen erabilera ezberdinak ulertzea izan da, erabiltzaile desberdinen ikuspegia batuz. Horrela, mendiari ikusten zaizkion gabezi eta arazoen ulermen bateratua osatu ahal izan da, etorkizunerako desioak adosteko bidean. Bigarren bileran kudeaketa eredu desberdinak azalduko dira, esperientzia horietatik abiatuta sormen lanari ekiteko. Beste tokietan erabiltzen diren ustiaketa, kontserbazio edo aisialdi ereduetatik probetxuzko ideiak aurkitzea da helburua. Hirugarren eta azken bileran, prozesu osoan sortutako ideiak oinarri harturik kudeaketarako irizpideak markatuko dira. Ordenazio Plan bat idaztea da asmoa, etorkizunerako planetan jasota gera dadin herriaren iritzia.

Maiatzaren 19an egin zen lehen bileran 17 lagun elkartu ziren Amasamendiren inguruan hausnartzeko. Lehen aldiz erabiltzaile desberdinak elkarren aurrean eserita, bakoitzak mendiarekiko dituen sentimendu eta asmoak azaldu zituzten, norbere lan edo zaletasunetik. Bilera horri esker, Amasamendik herritarrentzat duen esanahia era zabalagoan uler daiteke, kudeaketarako faktore gehiago zainduz.
• Galder Azkue (Villabonako alkatea): “Udaletik planifikazio falta ikusten dugu eta lanketa hori herritarrekin egin nahi dugu, gerora ordenazio plan bat idatzi ahal izateko. Herritarrek izan behar dute horretarako hitza.”
• Alaitz Bilbao (Udaleko Ingurumen teknikaria): “Gizartean, mendia ulertzeko eta bizitzeko modua asko aldatu da azken hamarkadetan. Landa paisaia eta naturarekiko errespetua handitu da eta horrek kudeaketa eredua aldatzea eskatzen du. Egun, ematen diren erabilera eta behar ezberdinen arteko eta biodibertsitatea eta kontserbazioaren arteko oreka ziurtatzen duen eredua aplikatu beharko da Amasamendin.”
• Roke Akizu (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Ingurune Naturaletako Zuzendaria): “Mendi publikoarekin dugun asmoa eraldaketa da. Bertako espezietan oinarritutako mendia indartu nahi dugu, hori bera ustiatzeko.”
• Ismael Mondragon (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Ingurune Naturaletako teknikaria): “Amasamendik egurra era jasangarrian ustiatu dela dioen PEFC agiria du. Epe laburrean beste 61 hektarea ateratzea aurreikusten da.”
• Iñaki Etxezarreta (Amasamendi abeltzain elkartea): “Larre eremu zabala izanagatik urritzen ari da eta horrek arazoa sortzen du; ur emaria ere jaitsi da eta aztertu beharko litzateke zergatik.”
• Egoitz Bengoetxea (Aizkardi mendizale elkartea): “Guk gehienbat oinezko erabilpena ematen diogu eta ibiliz ikusten ditugu kezkatzen gaituzten gauzak: zaborra pista bazterrean, motorzaleek eragindako txikizioak, egurra ateratzean eragindakoak… guk bertako espeziea indartzeko beharra ikusten dugu basoan.”
• Joxe Mari Lizaso (Behar Zanako ehiztari taldea): “Astero saiatzen gara mendia garbitzen eta kartutxoen azalak jasotzeko lanketa ere egiten dugu; garbitasuna asko ari da hobetzen”.
• Fco. Javier Alfonso (motorzalea): “Oso zaila da arauak errespetatzen ez dituzten motorzaleak kontrolatzea, erregulatu egin behar da.”
Batzuek euren kezkak agertu zituzten, beste batzuk euren erabilera azaldu. Dena den, Denis Elortza aholkulariak azpimarratu zuen moduan ez zen “debekatu” hitza erabili; horren ordez “erregulatu” izan zen behin eta berriz agertu zen hitza. Guztiak datoz bat Amasamendiren erabilera asko igo dela eta horrek ustiaketa birpentsatzea eskatzen duela. Ulermen bateratu horrekin, etorkizuneko Amasamendirentzat eredu egokia aurkitzen ahaleginduko da lantaldea. Ateak zabalik izango dira proiektuan parte hartu nahi duenarentzat.