Hobekuntzak Arratzaingo futbol zelai eta kiroldegian

olaederra berritutaOSATUZ programaren planak garatzen ari dira

Pasa den 2018ko abenduaren 18an, OSATUZ hirigintza birgaitze programaren barnean dauden hainbat erreforma ekimen martxan jartzeko dekretu bana sinatu zituen Maite Izagirre alkateak.

Alde batetik, eta kiroldegiaren aurreko zein alboko hormen hezetasun eta pintada garbiketak egin ondoren, Olaederrako kanpoko frontoia margotzeko lanak esleitu dira. Bertakoa den, SANZ MARGOAK enpresa da lan horiek egiteko ardura izango duena eta 5.366,35 €ko (BEZa barne) kostua izango du. Esleipen honekin, pilota eta frontenisean jokatzeko erabiltzen den eremua balioan jarri nahi da, momentu honetan, urte gehiegi daramaten pintada askorengatik hondatuta baitago. Hilabete eta erdikoa izango da laster hasiko diren lan hauek egiteko epea.

Bestalde, eta legealdi honetan Billabona K.E. taldeko instalakuntzak modernizatzeko dagoen konpromisoarekin jarraituz, Arratzaingo futbol zelaiko aldagelak berritzeko obrak esleitu dira. LANBI ERAIKUNTZAK izango da lan hauek egiteko ardura izango duena eta 17.148,06 €ko (BEZa barne) kostua izango du. Lan hauek amaitzeko epea 4 astekoa izango da eta Udaleko tekniko zerbitzuarekin koordinatuz burutuko da.