LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana abiatuko du Udalak

20221025EiheraAurkezpena2

Ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek kolektibo honen eskubideak aldarrikatu zituzten Osoko Bilkuran. Horrekin batera, LGTBI+ komunitatea osatzen duten pertsonek Amasa-Villabonan bizi duten egoera ezagutzeko diagnostiko bat egin, eta ondoren ekintza plan bat abiatzeko konpromisoa hartu zuten.

Bada, diagnostiko hori egiteko Eihera Kooperatibak aurkeztutako proiektua onartzea erabaki da, kooperatiba honek esperientzia nabarmena baitu horrelako egitasmoak garatzeari dagokionean.

Udal honek Amasa-Villabonako herritar guztien askatasuna eta eskubide berdintasuna bermatu nahi du, eta horretarako inolako diskriminazio edo zapalketarik gabeko jendartea eraikitzeko lan egiten jarraitu behar du. Zentzu horretan, funtsezkoa da sexu-orientazio edota genero-identitateari buruzko aurreiritziak eta estereotipoak zokoratu eta ezabatzea, egiazko berdintasuna lortzeko urrats sendoak emanez.
Eihera Kooperatibako ordezkaria den Iñigo Etxezarretak nabarmendu duen moduan “Azken urteetako LGTBI+ mugimenduaren gorakada, eta mugimendu feministaren lanari esker, kolektibo ezberdinen behar eta aldarrikapenak plaza publikora eta agenda politikoaren erdigunera ekartzea lortu da, eta hori ezinbestekoa den arren, instituzio gehienek ez dute arreta gehiegi jarri LGTBI+ pertsonen errealitatean”. Horrela, Villabonako udalak eta Eihera Kooperatibak elkarlanean, herriko LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurri eta politika publikoen diseinuari ekingo diote. LGTBI+ pertsonen bizitzak hobetzeko neurri, esku-hartze eta ideia ezberdinen bateria sortzea izango da Eihera Kooperatibaren zeregin nagusia, jarraian, ondorio horiek modu autonomo eta ordenatuan aplikatzeko.
Ibilbideak fase ezberdinak izango ditu: Hasteko, herriko LGTBI+ pertsona, eragile feminista, elkarte eta norbanako ezberdinekin bilduko dira Eiherako teknikariak, kolektiboaren behar, aldarrikapen eta ikuspegi ezberdinei arreta berezia jartzeko. Ondoren, udaleko sail ezberdinekin lan-saio ezberdinak ere burutuko dira, administrazioaren barruan dauden muga, zailtasun eta aukerak arakatzeko. Azkenik, egindako ibilbidearen berri eman, eta sortutako neurri eta politiken aurkezpena egingo da.

Egitasmo hau behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa izango da LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak, iritziak eta errealitateak jasotzea. Beraz, prozesu honetan beren ekarpena egitera animatu nahi ditu Udalak. Horretarako, nahikoa izango da eihera@eihera.eus e-mail helbidera mezu bat idaztea, edo 623 30 71 59 telefono zenbakira deitzea. Ekarpenak guztiz anonimoak izango dira.

Konbentzituta gaude elkarrekin LGTBI+ fobiarik gabeko Amasa-Villabona eraikiko dugula; askatasunean eta zapalkuntzarik gabe biziko den herria, aniztasuna errespetatzen duena, eta guztien eskubideak aitortzen dituena.