Omenaldia eta esker oneko hitzak, herriko odol emaileentzat

211211OdolEmaileak

Amasa-Villabona, Zizurkil eta Aduna biltzen dituen Gipuzkoako Odol emaileen delegazioak 25, 50, 60 eta 80 odol donazio egin dituzten herritarrak omendu nahi izan ditu gaur eguerdian, Udaletxeko batzar aretoan izan den aitortza ekitaldian.

Guztira 7 odol emailek jaso dute ateraldi jakin batzuk egiteagatik banatzen duten oroigarria: 25 aldiz odola eman duten hiru lagunek; 50 aldiz eman duten bik; 60 ateraldi egin dituen batek; eta 80 ateraldi egindako beste batek. Omendu guztiek, dagokien koloreko intsignia eta diplomaz gain, Ardoa ta punto edaritegiak eskainitako 3 botilako kaxa bat ardo ere jaso dute.

Udalaren esker oneko hitzak
Beatriz Unzue alkatea eta Arantxa Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia omenaldi ekitaldian izan dira. Alkateak esker hitzak izan ditu herriko odol emaileentzat: “Ondo merezitako omenaldia da gaurko, dudarik gabe! Elkartasun ekitza ederra egiten duzue. Amasa-billabonatar guztion izenean eskerrik asko!”. Bolondres moduan elkartearentzat lanean ari diren guztiak ere aipatu nahi izan ditu alkateak: “Eskerrak eman nahi dizkizuet zuen borondate guztiarekin, eta ezerren truke, lanean ari zareten guztiei. Zorionak zuei ere!”.

Amasa-Villabonan odola emateko aukera
Hilabete bikoitietako azken ostiraletan Gurea zineko erakusketa gelan odola eman daiteke, 16:30etatik 20:30etara. Beharrezkoa da aurrez hitzordua eskatzea 943 00 78 88 telefonora deituta. Abendu honetan, 30ean izango da, osteguna, ohiko ordutegian.