
Amasa-Villabonako Udalak Behar Zana pilota elkartearekin eta Fleming Herri Eskola eta Zubimusu Ikastolarekin elkarlanean, pilotaren historia eta bilakaera, euskal pilota modalitate ezberdinen sorrera, zenbait bitxikeria eta abar lantzen dituzten unitate didaktikoak garatu ditu, Lehen Hezkuntzan dabiltzan herriko ikasleentzat.
Atzo arratsaldean, Behar Zana elkartean unitate didaktiko horiek aurkeztu zituzten Beatriz Unzue alkateak, Amagoia Agirre Hezkuntza zinegotziak, Iñaki Lizaso Beharz Zana elkartekomkideak eta unitate didaktikoen egileak, eta Nerea Zumeaga eta Jesus Maria Quesada ikastetxeetako zuzendariek.
Belaunaldi berriengana iristeko, Hezkuntzan lantzea ezinbestekoa
Gaur egun Euskal Herriko joko eta kirolak erronka berrien aurrean daude. Gure kirolak gure kulturaren ezaugarri eta adierazle diren neurrian, guri dagokigu berauen zaintza eta biziraupenerako ahalegina egitea.
Gure herrian euskal pilotak historia luze eta emankorra idatzi du, Amasa-Villabonako ondare kulturalaren parte da Errebotea, beraz, Villabonan pilotak historikoki izan duen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Baina gizarteko beste arlotan gertatzen den bezala, bizirauteko, garai berrietara egokitzeaz gain, belaunaldi berriengana iritsiko den transmisioa ezinbestekoa da. Udalaren ustetan, Euskal pilota hezkuntzan lantzea garrantzitsua eta beharrezkoa da, eta horretarako “Pilotakadek batzen gaituzte” izeneko unitate didaktikoen sorkuntzan parte hartu du.
Ziklo bakoitzera egokitutako lanak
Guztira hiru unitate didaktiko sortu dira, ziklo bakoitzeko bat, eta bakoitza bere mailara egokitua. DBH 1-2 mailetarako ere egokiak izan daitezke. Azpimarragarria da guztiak gaur egungo dekretura egokitutakoak direla. Unitate Didaktiko bakoitzak, batez beste, 8-10 saio ditu, eta unitatean zehar topatu daitezkeen QR kodeen bidez, argazki, bideo eta material gehigarria eskuratzeko aukera dago.
Udalak pilotan jolasteko material berria erosi du
Ikastetxeetan egingo diren saioek, arlo ezberdinetan landuko dira: Soinketan edo heziketa fisikoan, Artea-plastikan, Euskara eta hizkuntzetan, eta Ingurune-zientzietan. Baina, soinketan lantzeko saioek material berezia eskatzen dutenez, Udalak material berria erosi du: Joko garbiko zestak, palak eta eskurako pilotak. Guztira 1.564,89 euro bideratu dira erosketa hauetara.
Udalaren esker mezua ekimen honen bultzatzaileei
Udalak eskerrak eman nahi dizkie Behar Zana elkarteari, herriko ikastetxeei, eta irakasleei, euren inplikazioagatik eta unitate hauek programan eta curriculumean txertatzeko erakutsi duten borondateagatik.
Eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu Iñaki Lizasori, proiektu hau guztia garatzen eta aurrera ateratzen egindako lan handiagatik. Eskerrik asko!