Santiago egoitza eskuz aldatzeko prestatzen

prentsGizarte Politikako diputatu Ander Rodríguez, eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo García Santiago egoitzan izan dira Galder Azkue alkatearekin batera, egoitzako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, Villabonako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hilean sinatuko dute udal egoitza Diputazioari eskualdatzeko hitzarmena eta beharrezkoa den azken izapidea egingo dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa betez. Hitzarmen honi esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak. Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa, aldiz, 2018. urtea baino lehen hartuko du bere gain Aldundiak.

Alkateak Santiago Egoitzak herrian duen paper aktiboa azpimarratu du, langileen ahaleginei esker herriko gune apartatu izatetik integraziora pasa baita. Herriari xarma eskaini dio langileek hartutako bideak. Udal moduan jarraipena egiten jarraituko dutela jakinarazi du Azkuek, zerbitzua kalitatezkoa izan dadin eta langileek orain arteko baldintzak edo hobeak izan ditzaten. Herriko eragile garrantzitsu izanik, eurekin kontatzen jarraitzeko asmoa agertu du Udalaren izenean. 

Ildo berean, Pablo Garciak egoitzako kideek herrian duten integrazio mailaren jakitun, aipatu du hitzarmenean partaidetza areagotzeko urteko plana gehitu dela, egoitzan egiten diren dinamikek aurrera begira ere jarraipena izan dezaten “oso onuragarriak” direlako. 

Diputatua pozik agertu da eskumenak berrantolatzeko prozesuak daraman bidearekin, horri esker erantzun bat ematen baitzaie udalen aldarrikapenei eta Legeak agindutakoa bete baitaiteke. Gainera, foru eta udal arduradunek langileen ordezkariekin izandako bileran gogorarazi dute Foru Aldundiak blindatu egin dituela zentroetako langileen lan baldintzak, udalekin sinatu beharreko hitzarmenetan klausula bat erantsiz lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko zaiela bermatzeko. Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere. Villabonako Santiago egoitzak 27 langile inguru ditu eta 36 egoiliar artatzen ditu egoitza eta eguneko egonaldietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitza horien kudeaketa bere gain hartzeko, eta prozesua hiru fasetan osatuko da. Aurten bertan, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua, eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie. 2016rako Kabia organismoak beste sei egoitza kudeatuko ditu: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. Bukatzeko, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasako dira Foru Aldundiaren eskuetara 2017 eta 2018an. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako egutegia beteko da, eskumenen eskualdatzea osatzeko 2018. urtea jarri baitzuten epemuga gisa.
Foru diputatuak iragarri du datozen egunetan jarraitu egingo duela Foru Aldundiaren eskuetara pasako diren egoitzak bisitatzen, bertako erabiltzaileei eta langileei lasaitasun mezu bat helarazteko. Hain justu, ostegunean Zumaian izango dira.

prents4