Gaur arratsaldean, Santio Jai Batzordeak 2024ko Santio jaietako egitarauaren aurkezpen ofiziala egin du Erreboteko plazan. Beti bezala, Villabonako festak uztailaren 24tik 31ra izango dira eta gaurko aurkezpenean ekitaldiz jositako 8 egunen xehetasunak azaldu dituzte.
Jai Batzordean aho batez erabakita, aurten Irrika Aisialdi Elkartea arduratuko da Santio jaiei hasiera emango dien erroskila igo eta txupinazoa jaurtitzeaz. Horrela, Jai Batzordeak Irrikak azken urteetan herriko haur eta gaztetxoekin garatu duen hezkidetza lan bikaina aitortu nahi izan du.
Aipatzekoa da pasa den urtean bezalaxe, Jai Batzordeak suzirien erabilera murriztea erabaki duela aurten ere, hainbat haurrek, etxeko animaliek eta pertsona zaurgarriek gaizki pasatzen dutelako eztandekin. Beraz, Txupinazoan soilik botako dira suziriak.
Santio jaiak 8 egunez luzatuko dira, eta gustu guztietarako ekitaldiak izango dira bertaratzen direnen gozamenerako, hala nola buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejirak, Otsabi Fest sortzaileen gunea, musika kontzertuak, herri krosak, konpartsa herrikoia, xake jokoa, Erromeria Eguna, Pilota txapelketak, haur jolasak, koadrilen bazkaria… Gainera, badira urte batzuk Santio jaiei amaiera emateko erroskilaren hileta egiten ez dela. Aurten, ordea, herritar talde batek, Santioei amaiera polit bat eman nahian, ekimen hori berreskuratu du, hainbat berrikuntza gehituta.
Santio Jai Batzordeko partaideek urtarriletik hona lan handia egin dute jaietako ekintzak mimo handiz antolatzen eta bertaratuko diren guztiek esperientzia ahaztezinez goza dezaten.
Ikusi 2024ko Santio jaien egitarau osoa
Indarkeria matxistaren aurkako protokolo berezia jarriko da martxan
Aurtengo jaietan ere herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean osatutako indarkeria matxistaren aurkako protokolo berezi bat egongo da. Protokolo honek erasoren bat pairatu edo ikusiz gero jarraitu beharreko urratsak zehazten ditu. Horrekin batera, 24 orduz arreta eskainiko duen telefono zenbakia ere egongo da martxan, eraso matxistaren bat pairatu edo ikusiz gero, laguntza eskatzeko. Zenbaki hori 697 11 66 11 da.
Gaurko agerraldian alkateak eskerrak eman dizkie herriko talde feministetako kideei, jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko boluntarioki egiten duten lan handiagatik.
Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua eskainiko du
Santio jai hauetan herritar eta bisitari guztien arteko errespetuzko elkarbizitza gailendu dadila desio dugu denok. Zentzu horretan, Amasa-Villabonako Udaltzaingoak Santio jai seguruak izateko lan egingo du, eta festek iraungo duten 8 egunetan 24 orduko zerbitzua eskainiko du.
Aurtengo jaien aurkezpenari amaiera emateko, Beatriz Unzue alkateak Santio jai zoriontsuak opa dizkie guztiei, alaitasunez, gozamenez eta momentu eder ahaztezinez beteak. “Goza ditzagun festak elkarrekin! Gora Villabonako Santiyuak” esanez amaitu du agerraldia alkateak.