Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak eskualdeko ospitale publikoari buruzko informazio gehiago eta argitasuna eskatu ditu

001e9d54-0315-41d1-b147-24eb1b772d28 16-9-aspect-ratio default 0

Tolosaldeko 24 alkate barnebiltzen dituen mugimenduak (tartean dago Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea) eskualdeko ospitale publikoaren afera landu du azken urteetan eta atzo Osasun Sailburuak Tolosara egindako bisitaren ondoren, honako oharra plazaratu du:

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua eta bere taldea Tolosan izan da gaur, Tolosaldeko hautetsi eta udal ordezkariei etorkizuneko ospitale publikoaren plan funtzionalaren lehen zirriborroa aurkezteko.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak positiboki baloratzen du Sailburuak azaldu duen konpromiso irmoa, bost urteko epean Tolosaldean ospitale publikoa eraikitzeko, eta eskertzen du gaia lehen eskutik azaldu izana.

Mugimendua lau erronka nagusiren inguruan eratu zen, eta helburu horiek indarrean dira gaur egun ere:
– Tolosaldean osasun arreta publiko, integrala eta kalitatezkoa bermatzea.
– Tolosaldean izaera publikoko ospitalea izatea.
– Tolosaldeko herritarrek osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea izatea.
– Asuncion Klinikako langileen etorkizuna modu egokian bideratzea.

Gaurko bileran, Donostia Ospitalearen baitan integratutako eredu baten aldeko apustua jarri dute mahai gainean. Norabidea egokitzat jotzen dugun arren, argi dago informazio asko falta dela oraindik, eta galdera ugari daudela erantzun gabe. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak zehaztu gabe daude, eta horiek funtsezkoak dira eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna ulertzeko.

Asuncion Klinikako langileen egoerari dagokionez, Osasun Sailburuak adierazi du: “Ospitale berrian sartuko diren lehen profesionalak Asuncioneko profesionalak izango dira, antzinatasuna aitortuta eta, betiere, dagokien titulazioa badute.”

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak adierazi nahi du lanean jarraituko duela, ardura eta zorrotz jokatzeko konpromisoz, proiektu honek benetan ospitale publikoa izan arte.

Etorkizuneko azpiegitura honek Tolosaldeko herritarren beharrei erantzungo dien osasun arreta publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatu behar duela uste dugu, eta norabide horretan jarraipen arduratsua eta zorrotza egingo dugu.